Gabonak ate-joka daudela, Erandioko Udalak aurre egin gura dio garai horretako ohiko arazo bati: beirazko ontzien kontsumoa nabarmenki handitzeari.
Zapatu eta astelehen hauetan, abenduaren 15ean eta 17an, triziklo berezi bi ibiliko dira Erandioko plaza eta kaleetan, goizeko 10:00etatik 13:30era, beti ere eguraldiak baimenduko badu. Triziklo horiek informazio-panel eta jolas parte-hartzailez hornituta egongo dira eta ingurumen-hezitzaile bi arduratuko dira herritarrakaz harremana dinamizatzeaz eta Erandioko leku batetik bestera birziklatzearen aldeko mezuak zabaltzeaz.
Zehazki, zapatuan, Astrabuduan egongo dira, Josu Murueta plaza, Etxegorri eta Lurbarri inguruak zeharkatzen, baita futbol-zelaiaren inguruetan ere. Astelehenean, ordea, Altzagan izango dira Obieta kalean eta Metroko geltokiaren eta azokaren inguruetan.
Informazio-paneletan birziklatze-prozesuan herritarren partaidetzak duen garrantzia azpimarratuko da eta gogoratuko da iglu berdeetan beirazko ontziak bakarrik utzi beharra dagoela, hau da, botilak, poteak eta flaskoak. Halaber, beira ontziak %100 birziklagarriak direla. Jolasak errazak dira eta adin denetako herritarrei zuzenduta daude. "Pedalei eragiten birziklatzearen alde" jardueran parte hartuko dutenek opari bana izango dute.
Jarduera horrekaz Erandioko herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzea eta birziklatzerakoan iglu berdea gehiago kontuan izatea espero du Udalak. Horrek eragingo luke jasotako beira hondakin-kopurua handitzea eta jasotzen den beira hondakinen-kalitatea hobetzea.
Ekimena Ecovidrio enpresagaz batera egin du Erandioko Udalak. Sozietate hori beirazko ontzi-hondakinen gestioaz arduratzen da.