Erandioko txikienek ume-parkeez eta antzerkiaz gozatuko dute Gabonetan

Iker Rincon Moreno 2018ko abe. 19a, 15:54
Markeliñeren "Chef Nature" antzezlanaren artxiboko irudi bat. © TXELU ANGOITIA - MARKELIÑE

Zapatu honetatik aurrera, Txikien Txanda kultur programak jolas-jarduera piloa proposatuko die txikienei, Erandiogoikoan, Altzagan eta Astrabuduan umeentzat egingo diren parkeetan. Gainera, programa osatzeko, antzerki-ikuskizunak eskainiko dira, hainbat proposamen eta formatugaz, publiko denen entretenimendu eta gozamenerako.

Umeentzako parke denek ordutegi berbera izango dute: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Bestalde, honako jolasak izango dituzte: puzgarriak, ludoteka, tailerrak, jolas tradizionalak, simulatzaileak eta abar. Sarrera doakoa eta librea izango da, edukiera bete arte.

Umeentzako antzerki-saioei dagokienez, abenduaren 22an egingo da lehena, eta urtarrilaren 4an, azkena. Txartela erosi ahal izango da 2 euroan, ikuskizun bakoitza hasi baino ordubete aurretik. Saio denak 19:30ean hasiko dira.

Umeentzako parkeen egitaraua

Abenduaren 22an eta 23an

  • Erandiogoikoko Gizarte Etxean (Jose Maria Olague "Txuma" kalea, 3).

Abenduaren 26an eta 29an

  • Altzagako kiroldegian (Tartanga kalea, 20).

Urtarrilaren 2an eta 5ean

  • Astrabuduko kiroldegian (Atxutegi kalea, z/g).

Umeentzako antzezlanen egitaraua

Abenduak 22

  • Ibon magoaren "Show stand-up" euskarazko ikuskizuna, Erandiogoikoko Gizarte Etxean (Jose Maria Olague "Txuma" kalea, 3).

Abenduak 27

Abenduak 28

  • Begira Teatroren "Roklaunrola" euskarazko antzezlana, Altzagako merkatu zaharrean (San Jeronimo, 15).

Abenduak 29

  • TDiferenciaren "Niko, banpiro txiki bat" euskarazko antzezlana, Altzagako merkatu zaharrean (San Jeronimo, 15).

Urtarrilak 2

Urtarrilak 3

  • Patata Tropikalaren "Denboraren taupada" euskarazko ume-ikuskizuna, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean (Josu Murueta plaza).

Urtarrilak 4

  • Oliver magoaren "Balio magikoak / Valores mágicos" magia-saio elebiduna, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean (Josu Murueta plaza).

Antzezlanen sinopsiak

"Show stand-up": Euskarazko show honetan, txikienek parte hartuta, magiaren historian barrena ibiliko da Ibon magoa, gure artean 100 urte baino gehiago daramatzaten jolasak eginaz. Nahitaez barrea eragingo duten egoera mordoa gertatuko dira, eta, azkenean, trikimailuek harridura ere sortuko dute. Hori guztia laguntzeko soinu, argi eta mikrofonoz osatutako ekipo indartsua egongo da.

"Chef Nature": Aire libreko jatetxea da, baratza propioa duena. Jankideek alde batera utziko dituzte euren gailu mugikorrak, eramangarriak eta tabletak, naturagaz birkonektatzeko. Menu magikoa, harrigarria, terapeutikoa eta oso dibertigarria proposatuko da. Eta menua prestatzeko, Markeliñek bere sukaldean ohikoak diren osagaiak erabiliko ditu: erritmoa, jarrera eta material ezberdinen irudimenezko erabilera. Hori guztia gatz apur batekin eta zoramen pixka batekin maneatuta. Aktore-multzoa: Itziar Fragua, Maite Bayo, Jon Kepa Zumalde Moreno, Fernando Barado eta Jon Koldo Vazquez. 50 minutuko iraupena, berba bakoa.

"Roklaunrola”: Tximista Esmeralda pailazo Rok-Talde ospetsua eskenatokietara itzuli da Munduko Itzuli berriagaz: “Roklaunrola”. Eslas Tikoetxeak, Dorita Petxeberriak, Joane Jopelinesnaolak, Predi Merkrominagorriak, eta beste artista gonbidatuek jaia beteko dute mota denetako rockaz (70 urtekoaz, 80koaz, 90ekoaz...). Joko dinamikoakaz, dantza rokeroakaz, gizakateak, eta abar. Txiki batzuek gozatuko dute ezkenatokira igotzen musika tresnaren bat jotzeko (sartenefonua, kitarra puzgarria), rok-stars izango dira egun batez. Gurasoek ederto pasatuko dute bere seme-alabakaz dantzatzen eta haien gazte-garaiak gogoratzen. Familia denentzat bermatutako dibertsioa.

"Niko, banpiro txiki bat": Niko banpiro bat da... baina ez dator bat horien izaeragaz. Anika neska bat da... baina ez omen da neskek izan behar duten bezalakoa. Elkar ezagutu zirenetik bereizezinak dira eta ezin zuten imajinatu ere egin biziko zuten abentura aparta. Nikoren eta bere lagunik onenaren galdera zera da... Nola izan gaitezke hain berdinak horren ezberdinak izanda? Ezberdinak, estima gutxikoak, bakartiak, bereziak, interesgarriak... diren pertsonei zuzendutako mezu garrantzitsu bat. TDiferenciak apustu egiten du haurtzaroa babesteko ikuskizunen alde, gazteei eta umeei zuzendutakoak. Berdintasuna, errespetua, tolerantzia eta indarkeriaren prebentzioa sustatu gura dute. Antzezlanaren zuzendaria Maite Redin da; eta
antzezleak, honakoak: Iker Bengoetxea, Laura Villanueva, Mago Hodei, Maitane Pérez eta Xabier Artieda. Saioak ordubetea irauten du.

"Zoro gaitezen": Txirri, Mirri eta Txiribitonek azkeneko "Dantzan eta Erromirria" ikuskizunaren arrakasta ona ikusita, bide beretik "Zoro gaitezen" obra sortu dute. Antzerkia, komedia, pailazokadak eta dantza, baina batez ere martxa uztartzen dituena. Taldearen betiko kantak abestuko dituzte: “Paristik natorren”, “Txirri, Mirri eta Txiribiton”, “Altza Pelipe”, eta abar. Bihurrikeriak ere ez dira faltako. Obrak pailazoen abestiak, dantzak eta esketx barregarriak tartekatuko ditu. Ordubeteko iraupena dauka.

"Denboraren taupada": Fabrika zaharra dagoen lekura, neska bat iritsi da bere maletagaz; Odei du izena. Baina, bertan zerbait arraroa gertatzen ari da... Denak haserre bizi dira. Ez dute denborarik ezertarako. Mari Ipuin Kontalarik esaten duen moduan, zerbait kutsakorra da. Hasieran helduak kutsatu ziren, ondoren gazteak eta azkenean umeak ere kutsatu dira. Kalejira bat egitea bururatu zaie arrazoiak ezagutzeko. Perminek, kale-garbitzaileak, malabareak egingo ditu, Marik gitarra eta Odeik txirula joko dute. Baina ez dute ezer topatzen... Itzaletan ordea, denboraren lapurrak daude dena ikusten. Gertatzen ari dena, ezin dute onartu, eta gure hiru lagunak harrapatzera abiatuko dira. Lortuko dute gure lagunek umeak askatzea gaixotasun arraro horretatik? Ordubeteko iraupena dauka.

"Balio magikoak / Valores mágicos": Oliver magoak, Evak, Liubak eta ume laguntzaileek atsegin emango dute magiaz betetako ikuskizun-sorta honegaz: bizitza berreskuratzen duten objektuak eta marrazkiak, ikusleengandik ateratako magia, errezeta magiko sinesgaitzak eta efektu berezi txundigarriak. Hori guztiori umore, emozio, erritmo handi eta antzerki-izaeraz beteta. Ordubeteko iraupena dauka.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun