Datorren astean hasiko dira Tartanga kalea eraldatzeko lanak

Unai Brea 2019ko ots. 14a, 13:54
Tartanga kalea gaur egun. Besteak beste errepidearen zein espaloiaren zabalera handituko dituzte lanen bidez. ERANDIOKO UDALA

Lau hilabete iraungo du Erandioko Tartanga kalea berrurbanizatzeko lanen lehen faseak, Udalak jakinarazi duenez. Denbora-tarte horretan autoek ezin izango dute bertatik ibili. Inbertsioa milioi bat eurotik gorakoa izango da.

"Kalea ixteko erabakia inguruko ikastetxeakaz eta guraso-elkarteakaz adostu da", azaldu du Udalak prentsa-ohar baten bidez. Altzaga auzoko ikastetxe gehienak Tartangan daude, hain zuzen. Datorren astean hasiko diren lanen helburua kalearen eta espaloien zabalera handitzea eta aparkatzeko lekuak egokitzea da.

Kaleak hamazazpi metroko zabalera izango du (gaur egungoa bederatzikoa da) eta espaloiek hirunakoa. Gainera, zuhaitzak ipiniko dituzte, eta aparkalekuak bateriazkoak izango dira, oraingo lerrokakoen ordez. Udalak azaldu duenez, aparkaleku-kopuruak gora egingo du modu horretan. "Edozein kasutan, gaur egungo aparkalekuek ez dute arautegia betetzen", zehaztu dute.

Horrez gainera, zebrabide altuak ipiniko dituzte, autoei motelago joatera behartzeko, eta errotonda bat, Tartangako garbitokiaren aurrean. 

Kalea autoentzat itxita egongo da lanek iraungo duten lau hilabeteetan. Adierazi dutenez, Udalaren webgunean ikus daiteke pasabide alternatiboak zeintzuk diren. Edozelan ere, lekua bertan ondo adierazita egongo dira. Kalea ixteko erabakia inguruan dabiltza ikasleen segurtasunagatik hartu dute batez ere. Ikastetxeetara joateko, atzeko aldean dagoen pasealekutik joan ahal izango dira. 

Lanen bigarren fasearen gaineko argibide batzuk ere iragarri dituzte daborduko. Besteak beste, kiroldegi aurreko aparkalekua konpontzea, 700 metro koadroko plazatxo bat sortzea eta umeentzako jolas-gune bat ipintzea aurreikusi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun