Abenduaren hasieran bost saihets hautsi zituen arren, berriro ere Saharako maratoira joango dela iragarri du Jon Salvador 52 urteko atletak. Datorren martitzenean, hilak 26, egingo du lasterketa Salvadorrek.
Erandiokoak palmares bikaina du Saharako Maratoian. Bere lehenengo parte-hartzean, 2010ean, proba irabazi zuen, eta podiumera igo da 2011 (bigarren), 2017 (hirugarren) eta 2018an (bigarren). 2016an, berriz, ezin izan zuen helmugara ailegatu, lesio baten erruz. Baina Sahararekiko harremana lehenagotik datorkio Salvadorri: 42 kilometrokoan saiatzen hasi aurretik, bitan izan zen garaile maratoi-erdiko distantzian (2004 eta 2005), eta beste behin hirugarren, 2007an.
Saharako Errepublikaren Egunaren bezperan egingo dute lasterketa. Ez da kirol-proba hutsa. Kanpoko parte-hartzaileek bertakoentzako produktuak (sendagaika batik bat) eroateko erabiltzen dute bidaia. Lasterketak berak, bestalde, saharar munduari errefuxiatuen egoera gogoraraztea du helburu nagusia, lehiatik harago.