Erandio
Kontu zaharra da, baina XXI. mendean pil-pilean dago. Hitzen manipulazioa, mezuen perbertsioa, errealitatearen desitxuratzea… Betikoa.
Bankuen publizitatea har dezakegu abiapuntu. “Jende askoren ametsak errealitate bihur daitezen!”, “Zure ametsak gureak dira”… Estrategia da, pertsonenganaino hurbiltzeko diseinatuta dagoena, ia-ia bankuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak bailiran. Energia-arloarena ere esanguratsua da. Enpresa energetikoek dirutza xahutzen dute Greenpeace baino berdeagoak direla irudikatzeko. “Gu berdeak gara”, “Energia-iturri berriztagarrien alde gaude”… Noski, energia garbia zikina baino hobeto saltzen da, ez baitago produkzio kutsagarria laket duenik.
Politikagintzan, beste hainbeste. Otsailaren 10ean, Madrilen, eskuindarren manifestazioko harengak eredugarriak dira mezuen perbertsioari dagokionez. Francoren kolpe militarra arbuiatu nahi ez duten haiexek “kolpista” izatea leporatu zieten hauteskunde demokratikoetan hautatuak izan ziren buruzagi kataluniarrei, erreferendum hura ustez bultzatu izanagatik.
Arloz arlo erreproduzitzen den izurritea bezalakoa da errealitatearen desitxuratzea. Irakaskuntzan ere egon badaude aztertzekoak diren adierazpenak, Kristau Eskolak “mehatxua eta derrigortzea” leporatu baitizkie sindikatuei, irakasleon ordezkariei, proposaturiko grebengatik, Lan-Hitzarmena 10 urtez berritu gabe izan ostean. Espainiako Konstituzioan, ordea, jasota dago greba “oinarrizko eskubidea” dela. Eta gutxi balitz, Auzitegi Konstituzionalaren irizpide juridikoen arabera, greba bide “baketsua eta ez bortitza” da langileek lan-baldintzen hobekuntza aldarrika dezaten.
Semiotikan adituek erabateko ulermenerako bidea erakutsi zuten aspaldi. Mezuaren mamia aztertzeko, testua, berez, ez da funtsezkoena. Igorlea, hartzailea, kanala, kodea eta testuingurua ere kontuan hartu behar dira. Bada, ondorio zientifikoa ez bada ere, testuinguruan boterea edo dirua jokoan daudelarik, mezuen perbertsioak gora egiten du. Kontuz!