Lutxana eta Asua arteko errepidean "auzotarrentzat infernu bihurtu den" industriagunea dago. Auzokoa Herrikoi Elkartearen esanetan, bai elkarteak bai bertako herritar askok sarritan salatu dute Udalean gune horrek eragindako kutsadura. Zaratak, usain txarrak, airean suspentsioan dauden partikula korrosiboak... "Egun eta gau askotan gure etxeetan sartuta egitera behartzen gaituzte", kexatu dira", eta zarata batzuk leiho denak itxita ere jasateko zailak dira".
Antza, 2018ko urritik areagotu egin dira aipatutakoak, eta orduz geroztik Eusko Jaurlaritzari ere helarazi dizkiote salaketak. Egoera are larriagoa da industriagunetik hurbil haur-eskola, osasun-etxea eta umeentzako parkea daudelako, etxebizitza-urbanizazio batez gain.
Iturri beraren arabera, orain egun gutxi Udalak idatzi bat bidali die Erandiogoikoako bizilagunei, zeinean azaltzen dien zer pauso egin dituen orain arte. Hala ere, eskumen gutxi dutela eta erantzukizun nagusia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak duela adierazi die Udalak.
"Zazpi hilabetez auzokook egindako salaketa ugariei erantzunez, zarata neurtuko dutela hitz eman digute, baia inork uste du neurketa horrek kutsadura-arazoak konponduko dituela? Egoera jasanezin honi konponbidea emateko konpromisoa hartuko du norbaitek?", galdetu dute.