Udako jaiak 2019

Udari ondo-etorria egiteko baliatuko dituzte Erandiogoikoako Gorpuzti jaiak aurten

Unai Brea 2019ko eka. 19a, 11:41

Inoiz baino beranduago etorri zaizkigu aurten inauteriak, aste santua... eta Erandiogoikoako Gorpuzti jaiak. Bertakoak ohituta daude urtero datak aldatu behar horretara, eta berdin-berdin ahaleginduko dira ondo baino hobeto pasatzen (baita lortu ere, seguru) jaiek iraungo duten lau egunetan.

Egutegi liturgikoan, ipar-hemisferioan, udaberriko lehenengo ilargi betearen osteko bederatzigarren domekaren ondorengo lehenengo eguena da Gorpuzti Eguna, Wikipediak argitu digunez. Argitu edo... Kontua da, eta Erandiogoikoan ondo dakite hori, urtez urte egutegian dantzan ibiltzen direla bertako jaiak. Aurten, udaren hasieragaz bat egitea egokitu zaie, eta San Juan bezperara arte izango dituzte ospakizunak. Sute barik, hori bai. "Leioako eta Sondikako jaiakaz batera izango dira aurten hemengoak, baina tira, ea jendea animatzen den", diote jai-batzordeko kideek.

Betiko moduan, Gorpuzti Egunean bertan hasiko dira jaiak, eguen batean beraz, eta domekara arte iraun. Zozketaz erabakitzen dute pregoia nork irakurriko duen, eta aurten Goi-Alde dantza-taldeari egokitu zaio. Ondorengo egunetan ere edukiko dute protagonismorik goialdetarrek, bai barikuan bai zapatuan emanaldi bana egingo baitute, nagusiek lehenengo eta umeek ondoren. Ez hori bakarrik: dantza-taldeko kide askotxo jai-batzordean ere badabiltza.

Afari, bazkari eta merienda

Dantzaz gainera, gastronomia izaten da edozein jairen ezinbesteko beste osagaietako bat. Ohi denez, herri-afaria eta herri-bazkaria egingo dituzte Erandiogoikoan, lehenengoa eguenean eta bigarrena zapatuan. Otorduotarako txartelak aldez aurretik hartu beharko dira Dandaka tabernan, afarikoak hamabost euroan eta bazkarikoak merkeago, bost euroren truke.

Gainerakoan ere urteroko egitaraua izango da, gutxi gorabehera. Ez da faltako, adibidez, Erandioko Udalaren Euskara Zerbitzuak antolatutako Olgetan Solas ekimena, familiartean kirol-jolasak egiteko. Bariku arrastian izango da hori; apur bat beranduago, 21:30ean, Loiuko Danontzat elkarteak prestatutako elkartasunezko txanpinoiak dastatzeko aukera egongo da. Eta domekan, jaiak biribiltzeko, tortilla-lehiaketa. Esanda geneukan gastronomia inportantea dela, ezta?

Erandiogoikoako Gorpuzti jaien eta beste festa askoren egitarauen berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!

Android sistemarako:

https://play.google.com/store/apps/details?id=acvmultimedia.hiruka&rdid=acvmultimedia.hiruka

iOS sistemarako:

https://itunes.apple.com/es/app/hiruka/id1414282826?mt=8

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun