Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atxiloketa domekan izan zen, goizeko 08:00etan, Astrabuduan. Gizonezko bat auzo horretako aparkaleku batean zeuden hainbat ibilgailuri kalteak eragiten ari zelaren abisua eman zio Ertzaintzari auzokide batek. Iturriek zabaldu dutenez, gaizkileak ibilgailuen atzerako ispiluak eta kristalak apurtu zituen, metalezko barra bategaz kolpatuta.
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruila bana gerturatu zen lekura, eta zuzen-zuzenean ikusi zuten gaztea autoak kolpatzen, iturrien arabera. Hura geldiarazten saiatu ziren arren, gazteak aginduei muzin egin eta metalezko barragaz poliziei eraso egiten saiatu zen. Azkenean, agenteek hura menpean hartu eta bost autori eta autobus bati kalteak eragiteagatik atxilotu zuten. Era berean, poliziei eraso egiteagatik diligentziak ireki dizkiote.
Atxilotutakoa epailearen esku utzi zuten atzo arrastian.