Udako jaiak 2019

Bost eguneko festez gozatu ahalko dute Ulpianoren jarraitzaileek

Erredakzioa 2019ko abu. 6a, 10:01
Aurten ere, tortilla-lehiaketa izango dute nagusiek.

Auzoko txikienek emango diete hasiera Astrabuduko San Lorentzo jaiei eguaztenean, abuztuaren 7an. Hala, bost eguneko festez gozatzeko aukera izango dute Ulpianoren jarraitzaileek.

Urtero legez, Astrabuduko jaietako maskota den Ulpiano astoak auzoko kale denak zeharkatuko ditu ospakizunei hasiera emateko; gura duenak beragaz argazkia ateratzeko aukera izango du lehenengo egunean. Horrek eta umeentzako antolatutako ekitaldiek hartuko dute goiza; arrastian, aldiz, Axpurura igoerak, kuadrillen jaitsierak eta 20:30eko txupinazoak inauguratuko dituzte ospakizunak. Gauean, berriz, Oxabi erromeriak jarriko ditu dantzan Erandioko auzo horretara gerturatuko diren pertsona denak; ondoren, disc-jockeyen txanda izango da.

Ohi bezala, Mendiguren plazan egongo da kontzertuen oholtza nagusia. Eguaztenean bertan, lehenengo egunean, Oxabi erromeria-taldea izango da arduraduna gauari lehenengo musika-notak jartzeko. Ondoren, Martxelin eta Nahikoa disc-jockeyek hartuko diote lekukoa erromeriari, 01:45etik aurrera. Hurrengo egunean, nagusien olinpiadako play-back saioak egingo dituzte oholtza horretan. Hala ere, jardunaldiari amaiera emateko musika-saioa ez da faltako, Bilbao Tropikal, Jonan DJ eta Tierra Kritikal taldeen eskumenez, 23:00etatik aurrera. Barikuan, abuztuaren 9an, kontzertu bi egongo dira gune horretan: Moonshine Wagon eta Kresala; eta zapatuan, Los de Marras eta DJ Munza. Hala ere, Mendigurenekoa ez da musika-emanaldiak hartuko dituen plaza bakarra; auzoko hainbat tabernak eta Josu Murueta plazak ere beste hainbat saio hartuko dituzte egunotan, hala nola karaoke eta DJ saioak.

"Jaietan zer edo zer faltan izatekotan denbora izango da, jarduera denetan parte hartzeko"

Kuadrillen arteko norgehiagoka. Uribe Kostako ia jai denetan egiten den legez, San Lorentzo jaietako kuadrillarik onena sarituko dute Astrabuduan. Izan ere, horien parte hartzea izango da jaietako ardatz nagusia. Horretarako, festek irauten duten bost egunean zehar askotariko probak egongo dira, bertako jai-batzordeak antolatuta. Modalitate bi egongo dira: nagusienentzako olinpiadak eta txikientzakoak. Hala, kuadrilla nagusiek bost proba izango dituzte aukeran (jaitsiera, film laburrak, tortillak, padel surfa eta play-backa). Neska-mutil gaztetxoek, ordea, hiru izango dituzte: (proba gastronomikoa, ginkana-jokoa eta askotariko kirolak).

Txikitxoenek ere beren lekua izango dute aurtengo jaietan: San Lorentzo kalea. Goizero okupatuko dute, puzgarriak eta bestelako jarduerez gozatzeko. Besteak beste, marrazki-lehiaketa, bitsa eta Molto GP lasterketa izango dituzte gozagai. Josu Murueta plaza, txupina hartzeaz gain, nagusien eremua ere izango da. Aitita-amamek dantzaldi bi izango dituzte bertan, eguaztenean eta zapatuan. Domekan, ordea, komediarako agerlekua izango da. Egun horretan, 22:00etan, Boca Beats Comedia taldeak barrez leherraraziko ditu gune horretara hurbiltzen diren denak.

Jaietan zer edo zer faltan izatekotan denbora izango da, jarduera denetan parte hartzeko, hamaika aukera egongo baita.

Astrabuduko jaien egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun