Normaltasunera eta errutinara itzultzearen sinonimoa izaten da irailean sartzea; Altzagan, aldiz, jai-usaia da nagusi egunotan. Abuztuaren 28tik irailaren 1era arte iraungo dute aurten San Agustinen omenezko jaiek, eta ohi denez, auzoko kaleetan jende ugari eta giro ezin hobea egotea espero da.
Abuztuaren 28ko eguerdian egingo du eztanda jaiak. Kuadrillek izena eman eta gura dutenek santuaren ohorez egindako meza entzun ostean, flashmoba egingo da Irailaren 23a plazan, udaletxearen aurrean, pregoia irakurri aurretik hain zuzen ere. Eta arrastian, kuadrillen jaitsierak kolorez eta algaraz beteko ditu kaleak.
Musika entzuteko edo dantzatzeko gune nagusiak Irailaren 23a plaza eta Txorierri kalea izango dira, betiko eran. Umeentzat, aldiz, Europa plaza izango da txoko kutuna, hantxe gozatu ahal izango baitute puzgarri, jolas, tailer era bestelakoez, egunero-egunero. Elektro-txarangak Erandioko jaien beste osagarri klasiko bat, eguen eta zapatu arrastiz ibiliko dira kalez kale primerako giroa sortzen.
Gastronomiari dagokionez, sukaldari modura trebezia erakusteko aukerak ez dira faltako. Eguenean tortillak, barikuan paellak eta zapatuan putxerak; egunez egun konplikatuz joango da kontua, ikus dezakezuenez, edo behintzat luzatuz. Eta jatekoa, prestatu ez ezik, dastatu ere egin beharra dagoenez, herri-bazkaria egongo da barikuan, Irailaren 23a plazan, eta zapatuan gazteena, leku bertsuan baina kasu horretan txosnaren inguruan.
Kuadrillek egunez egun lehiatu beharko dute, eta zapatu arrastian izango da sari-banaketa, ohi denez. Azken egunerako, domekarako, geratuko da goitibehera-lasterketa, entrenamendu ofizial eta guzti, baita ere herri osoan zeharreko altxorraren bilaketa-jolasa, jaiak itxiko dituen azken traka erre baino lehenago.
Erandioko San Agustin jaien egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!
Android sistemarako:
https://play.google.com/store/apps/details?id=acvmultimedia.hiruka&rdid=acvmultimedia.hiruka