Abuztuaren 14an hasiko dituzte aurten ere Andra Mariaren omenezko jaiak Erandiogoikoan, eguaztenean, jai-egunaren bezperan. Hurrengo egunean, eguenean, jaiak amaitu bitartean, askotariko ospakizunez gozatzeko aukera izango dute bertoko herritarrek eta auzora hurreratuko diren pertsona den-denek. Ohikoa bilakatu den legez, andramarietan ez dira faltako dantza-plaza, txitxiburruntzi-jana, poteoa tabernaz taberna, auzoko txikienei begirako jolasak eta gaueko dantzaldiak; ezta kuadrillen arteko paella-txapelketa ere.
Eskualdeko gainontzeko jaietan bezala, hemen ere topagune garrantzitsu bihurtu da gastronomia-lehiaketa horren hitzordua; izan ere, ekimen horretan lehia handia egon ohi da auzoko kuadrillen artean, ea nork egiten duen auzoko, herriko eta, beharbada, inguruko paellarik onena; izan arrain, okela edo barazki hutsez egindakoa. Parte-hartzaileek euren osagai sekretuak erabili ahal izango dituzte, nork bere platera osatzeko. Jakina, egindakoa aurkeztu beharko du kuadrilla bakoitzak, jai-batzordeak banatuko dituen sarietakoren bat jaso gura izanez gero behintzat. Bestalde, Goi-Alde dantza-taldeak erakustaldia eskainiko du jaietan.
Erandiogoikoko Andra Mari jaien egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!
Android sistemarako:
https://play.google.com/store/apps/details?id=acvmultimedia.hiruka&rdid=acvmultimedia.hiruka