Udako jaiak 2019

Lutxanaren txanda, udako jaiei agur esateko

Erredakzioa 2019ko ira. 11a, 08:23

Lutxanako parkea izango da jai-gune nagusia. © ERANDIOKO UDALA

Barikutik domekara egingo dituzte Lutxana auzoko jaiak, Erandioko azkenak aurten. Bariku arrastian San Lutxanin ailegatuko da jai-gunera, eta domeka iluntzean hura erre bitartean mota denetako ekitaldiez gozatu ahal izango da. Ohi denez, trenbide ondoko parkea izango da jaien epizentroa.

Barikuko 19:30ean San Lutxanineri ongietorria eman eta ia berehala hasiko dira lutxanarrak lehian, mus-txapelketa jokatuko baitute egun horretan bertan. Ez da izango lehiaketa bakarra, aste-akabuan zehar tortilla, paella eta indabak nork hoberen prestatzen dituen neurtuko baitute, igel-tokan jarduteaz gain, besteak beste. 

Musikari dagokionez, Xaiborren erritmoa izango da jaien hasiera girotuko duena; zapatuan, berriz, Eztanda taldearen kontzertua izango da, eta ondoren, ordu txikietara arte, La Banda del Cowboyren emanaldia. Domeka eguerdia bestelako doinuez gozatzeko momentua izango da, Erandioko Udal Musika Bandak eta Mendibaiarte abesbatzak jardungo baitute jende aurrean. Azkenik, txokolatea janez eta San Lutxanin errez amaituko dira jaiak, domeka iluntzean.

Lutxanako jaien egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun