Barikua arratsaldetik domeka eguerdira arte musikaz beteko dira Erandioko auzo nagusi bietako kaleak. Altzagaren kasuan, ibilbidea Iraolaren 23a plazan hasi eta Obieta, Ibarra eta Jado kaleetan zeharrekoa izango da. Astrabuduan, berriz, Josu Murueta plaza izango da abiapuntua, eta hortik Lurberri kalera, Trabudu plazara, San Lorentzora eta Mendiguren plazara joango dira musika-taldeak.
Dozena erdi talde ibiliko da kaleetan jaialdia dela eta, horietatik bat Euskal Herrikoa. Hauxe izango da eskaintza:
Basque Brass Band
Metalezko haize-tresnek eta perkusioek osatutako banda da, euskal musika jotzeko asmoz sortua. Folklorearen eta herri-errepertorioaren aleak egokitu dituzte euren instrumentuen soinura.
Rebeldes del Swing
Espainiatik (Kantabriatik, hain zuzen) dator talde hau, bere ekitaldietan New Orleanseko inauterietan topa daiteken giroa birsortzen duena.
Shambaiala
Emakumeek osatutako batukada madrildarra da Shambaiala. Brasildar jatorriko errepertorioa dute batez ere, hainbat estilotako ukituakaz.
Txarang´ Amigos
Frantziako Estatuko hego-mendebaldean sortutako taldea, kideen artean euskal herritarren bat ere baduena. Errepertorio zabala eta malgua dute, eta umorea euren emanaldien ezinbesteko osagaietako bat da.
Le Beat Cheese
Orain lau urte Bordelen sortutako taldea, musika eta gazta uztartzeko helburuagaz. Ahal dela, kalitate onekoak, bata zein bestea. Adin denetarako doinuak, umoreagaz zipriztinduta.
L´Elephant Brass
Zortzi kideko frantziar fanfarrea, euren erara moldatutako pieza klasikoak jotzen dituena, entzuleei dantza eginarazteko asmoagaz batez ere.
Musikalean jaialdiaren egitarau osoa ikusteko, deskargatu gure app-a, doakoa da!
Android sistemarako:
https://play.google.com/store/apps/details?id=acvmultimedia.hiruka&rdid=acvmultimedia.hiruka