Kanpomartxoren ajea

Amaia Arriaga Lejarraga 2019ko urr. 9a, 10:54

Duela 25 urte luze, 1994an, Erandioko lagun-talde batek Berbots Erandion Euskaraz elkartea sortu eta lehen Kanpomartxo eguna antolatu zuen Faoetan, herriko beste hainbat elkarteren laguntzarekin. Aspaldiko ohitura bat berpiztearekin batera, herriko euskaldunak batzeko eta elkar ezagutzeko aitzakia ona izan zitekeela pentsatu zuten lagun horiek, gehienak AEKn euskaldundutakoak.  

Euskaraz bizitzeko hautua eta apustua eginda, beharrezko guneak eta giroa sortzeari ekin zioten gogotsu, eta Kanpomartxorekin asmatu egin zuten. Jaiegun erakargarri bilakatu da herrikoentzat zein inguruetakoentzat. Umetan dantza-taldeen eskutik hurreratutakoek, gaztetan lagunekin eta gero seme-alabekin etortzen jarraitu dute. Horrela, gero eta gehiago batzen garenez, herriko auzo batzuk txiki geratu zaizkigu, eta lanak handi. 

Berbotsek Erandioko eta inguruetako euskaldun eta euskaltzaleentzat topagune bat eraiki du, auzolanean eta elkarlanean oinarrituta. Herri-izaera indartzeko ere baliagarria izan da, erandioztar askok Kanpomartxori esker ezagutu dituelako herriko auzoak. Horregatik esango nuke, Kanpomartxorekin, Berbotsek asko eman diola Erandiori.

Baina, jende-uholdeak itoko ote gaituen nago: erdara indartsu entzuten dugu bertara bildutako euskaldun askoren ahotan, gero eta zailago da  administrazioak jartzen dituen baldintzak betetzea, Berbotseko ekintzaile gehienok gaztetasun askotxo pilatu dugu, eta errelebo nahikorik ez alboan. 

Uste dut momentua dela hausnartzeko zelan egin aurrera. Ala atzera egin behar dugu? Ematekoa eman du? Onuragarri zaio euskaltzaleon mugimenduari? Euskaldun eta euskaltzaleen bilgunea izateko, euskara gutxiegi entzuten dugu bertan. Baina gutxi hori ez ote gure herrian egunerokoan entzuten dena baino gehiago? Gazteagoek hartuko dute lekukoa? 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun