Josu Murueta eta Anton Fernandezen hilketak gogoratzera deitu dute, gertakarien 50. urteurrenean

Unai Brea 2019ko urr. 21a, 18:42

© SARE ANTIFAXISTA

1969ko urriaren amaieran, Erandioko herria gehiegizko kutsaduraren aurka borroka betean zegoela, herritar bi hil zituzten polizia frankistek tiroz: Anton Fernandez eta Josu Murueta. Errudunek ez zuten inolako ondoriorik izan euren krimenengatik. Gertakari latz haien 50. urteurrenean, justizia eskatu du Erandioko Oroimena kolektiboak, eta hildako bien omenezko ekitaldia iragarri du datorren domekarako, hilak 27.

"Aurreko urteetan bezala", justizia, erreparazioa eta "berriro ez gertatzeko bermea  " eskatu ditu Erandioko Oroimena kolektiboak urriaren 27an, eguerdiko 13:00etan Astrabuduko Josu Murueta plazan egingo den ekitaldian. Hala iragarri dute Altzagan, Anton Fernandez zenaren etxe azpian egindako ekitaldian, 50-60 herritarrek lagunduta. Etxeko balkoian zegoen, izan ere, Anton Fernandez, kutsaduraren aurkako mobilizazioetan polizia batek egindako tiroak burua jo zionean. Handik egun batzuetara hil zen, koman egon ostean.

Urtebete lehenago, 1968an, Bilbo Handiko eztarriko minbizi-tasa Espainiako Estatuko handiena zen, Erandioko Oroimenako kideek gogorarazi dutenez. "Herritarrok kalera atera ginen ezin zelako arnasarik hartu, zenbait egunetan ahoa estalita irten beharra zegoen kalera, eskegitako arropak kolore horixka hartzen zuen...", gogoratu dute; "arnasa hartzeko eta bizitzeko borroka izan zen". Kutsadura larri haren aurka egindako mobilizazio batean hil zuten Fernandez, eta hilketa horrengatiko protestetan beste tiro batek eroan zuen Josu Muruetaren bizitza. 

Hilketengatiko epaiketa militarrean ez zen ezer argitu, gaurko agerraldian salatu dutenez. Arduradunek ez zuten ondoriorik jaso, eta dena "istriputzat jo zuten".

Domekako ekitaldian parte hartzera deitu eta Erandioko Udalak urteurrena edukiz hustea salatu du kolektiboak. Izan ere, hainbat ekitaldi antolatu ditu Udalak urri osoan zehar, eta hilaren 31n egingo du Fernandez eta Murueta gogoratzeko ekitaldia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun