Beste behin, Bizkaiko leku esanguratsu batean, eta zirkuitu labur bati biraka, maratoi bat egingo dute Javi Condek eta Jon Salvadorrek, elkartasunezko ekintza baterako dirua lortzeko helburuagaz. Aurtengoan, Anunar Taper Solidario elkarteari emango diote jasotako dirua.
Aurrekoak bezala, maratoia berezia izango da: Gernikako Arbolaren alboan dagoen 170 metroko zirkuitu batean egingo dute. Horrek esan gura du 85na metroko 514 bide-zati zuzen egin beharko dituztela; hainbestetan buelta emateak zaildu egingo du ariketa, Jon Salvadorren esanetan. Orain arte Javi Conderen Maratoi Solidarioak elkarteak antolatutako proba denetan parte hartu du Salvadorrek; aurtengorako, gainera, beste erandioztar bat gonbidatu dute eurakaz batera jardutera: Begoña Beristain kazetaria, elkartasun-ekintza sustatzeaz gain emakumezkoen kirola aldarrikatzeko asmoz parte hartuko duena.
Abenduaren 30an, goizeko 09:00etan hasiko dute lasterketa. Aurreko edizioetan, Bizkaiko Zubian, Karrantzako Pozalagua koben inguruan eta Gaztelugatxen ibili izan dira, besteak beste.