Erandioko Udalak ia 37 milioi euroko aurrekontua izango du 2020rako

Erredakzioa 2019ko abe. 13a, 13:28

Iazkoa baino %6,70 handiagoa izango da Erandioko Udalaren aurrekontua datorren urterako. Zehazki, 36,8 milioi euro baino gehitxoago izango ditu, eta udal-gobernuan dauden taldeen aldeko botoakaz atera da aurrera, atzoko osoko bilkuran. Inbertsioetarako igoera handia izango da: %26,3. Hain zuzen ere, 2,6 milioi bideratuko dira hainbat azpiegitura-proiektutara.

Besteak beste, 600.00 euro bideratuko dira Altzagako merkatu zaharraren lanak amaitzera, eta 500.000 Astrabuduako Meso kalea berrurbanizatzeko. Hala ere, egitasmo esanguratsuena Altzagako aparkaleku berria da, 170 lekukoa; altueran eraikiko da, eta erabilpena renting modalitatekoa izango da.

Igoera esanguratsuenak izango duten arloak Teknologi Berrikuntza, Komunikazioa eta Herritarren Partaidetza (%74,1) eta Enplegua eta Turismoa (%65,1) dira. Alde handiz, Lurralda arloa izango da aurrekontu handiena izango duena: 11.458.699 euro, ia osoaren heren bat. Iazkoagaz alderatuta behera egin dute, besteak beste, Gazteria, Musika Eskola eta Hezkuntza (%3,8), eta Ogasuna eta Ondarea (%8,5). Bestalde, Egokiñe Angulo EAJko zinegotziaren esanetan, babes sozialari garrantzia ematen zaio, 420.000 euro baitira Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako, eta beste 90.000 premia handiko egoeretarako.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos aurrekontuen aurka azaldu ziren, eta kritika egin zioten herritarren iritziak batzeko parte-hartzezko prozesuari. Elkarrekin Podemoseko zinegotziek bozkatu ere ez zuten egin, osoko bileratik alde egin baitzuten udal-gobernuaren jarreragatik eta gehiengo absolutua baliatzeko moduagatik protestan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun