La Auxiliar Naval-eko beharginak, enpresa salbatzeko irtenbide eske

Unai Brea 2019ko abe. 22a, 11:50

LANeko langileek egindako protestetako bat. © LAN-EKO ENPRESA-BATZORDEA

Zer edo zer egin ezean, Lutxana auzoko LAN (La Auxiliar Naval) enpresarenak egin dezake, bertako langileek salatzen dutenez. Ugazabaren kudeaketa txarrari leporatzen diote gaur egun jasaten duten egoera, eta hori aldatzeko erakundeek esku hartzea eta industria-plan bat osatzea eskatzen dute. Itsasontzietarako leihoak, atexkak eta halakoak egiten dituen enpresa bakarra da Espainiako Estatuan, eta bakarretakoa Europan.

Enpresa-batzordeko iturriek azaldu dutenez, LANen 25 langileetatik zortziri Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea ezarri zaie, eta gainerakoei ere hiru hilabeteko soldatak zor izan dizkie enpresak. Hilabete eta erdi kobratu dute daborduko, eta honenbestez, beste hilabete eta erdikoa da zorra, "bi eta erdikoa abendukoa kobratzen ez badugu". Eta ez dirudi kobratuko dutenik.

Bere eremuan dabilen Espainiako Estatuko enpresa bakarra izan arren, bezeroak eta enkarguak murriztuz joan zaizkie; enpresa-batzordearen esanetan, Antonio Arredondo ugazabaren "kudeaketa negargarria" da egoera horri eragin duena: "Berandu ibiltzen gara epeak betetzeko, besteak beste material-faltagatik, eta bezero batzuek beste hornitzaile batzuengana jo dute; gabeziak ditugu garbitasunean eta segurtasunean, makina asko zaharkituta daude eta ez dira berritzen...". Segurantza Sozialari eta hainbat hornitzaileri ere dirua zor die enpresak. Zuzendaritzari egindako eskariek ez dute emaitza onik izan, salatu dutenez.

Erakunde publikoei laguntza eskatu diete langileek, industria-plan bat eginez eta inbertsio-egileak lortuz lan-karga berreskuratzeko eta modu horretan zor zaizkien soldatak kobratu eta erregulazio-espedientean dauden zortzi lankideak beharrera itzuli ahal izateko. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren SPRI agentziagaz batu dira, eta hark emango dien erantzunaren zain daude. "Orain geldi daude kontuak ordea, Gabonak pasa arte ez da ezer mugitzen hasiko", diote. Zain dauden bitartean, etenda dituzte mobilizazioak.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun