Mugikortasun-azterketa egingo du Erandioko Udalak

Unai Brea 2019ko abe. 23a, 19:07
© ERANDIOKO UDALA

Hiru fasetan egingo du Udalak Erandiorako mugikortasun-azterketa: aparkalekuen diagnostikoa, mugikortasunaren diagnostikoa eta mugikortasun-plana idaztea. Hirugarren fasea 2021ean gauzatzeko asmoa dago.

Udalak adierazi duenez, bertakoek zein kanpokoek aparkatzeko dituzten aukerak eta beharrak aztertzeari ekingo zaio lehenbizi; berehala ekingo zaio "ezinbestekotzat" jo duten fase horri. Ondoren, 2020an zehar, mugikortasunaren diagnostikoa egingo da, hau da, mugikortasunak dituen alderdi guztiak analizatuko dira, aparkalekua izan ezik. Horretarako, mugikortasunaren gaineko informazio-iturri ofizialetara joko da. Bestak beste, aztertu egingo dira garraio publikoa eta istripu-kopurua, eta zenbatu egingo dira oinezkoak eta bizikletak. Datuak batzeko, mugikortasunaren gaineko etxez etxeko galdeketa egingo da, eta parte-hartze jardunaldi bat ere antolatuko da. Helburua, mugikortasunaren nonik norakoak ezagutzeaz gain, herritarrek gaiaz zer iritzi duten jakitea da.

Hirugarren fasea Hiriko Mugikortasun Jasangarri Plana egitea da, eta 2021ean garatzeko asmoa du Udalak. Aurreko faseetan lortutako emaitzen arabera erabakiko da udal-baliabideak erabilita ekiten zaion, edo kanpoko aholkularitza bati eskatuko zaion lan hori egiteko. Plan horrek epe labur, ertain eta luzerako ekintzak aurreikusiko lituzke, hainbat eremutan: gune publikoak, motorrik gabeko mugikortasuna, trafikoa, aparkalekuak garraio publikoa eta bideetako segurtasuna.

Aparkaleku gehiago Gabonetarako

Bestalde, gune populatuenetan aparkatzeko leku-kopurua handitu gura du Udalak Gabonetako zenbait egunetan. Hala, Altzagan 25 leku gehiago prestatuko dituzte, Inelsako pabiloi zaharrean, eta Astrabuduan, berriz, Kossler inguruan eta Ignacio Aldekoako eta institituko patioetan beste 35 leku egongo dira abenduaren 24, 25 eta 31n, eta urtarrilaren 1, 5 eta 6an. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun