Langabezia, aparkaleku-falta eta segurtasuna dira erandioztarren kezka nagusiak, Udalak egindako inkesta baten arabera

Unai Brea 2020ko urt. 16a, 23:23

Aparkatzeko zailtasuna da Udalak hobetu beharreko arazoetako bat, inkestari erantzun diotenen gehienen ustez. © ERANDIOKO UDALA

Iazko urrian 600 herritarri egindako inkestaren emaitzak aurkeztu ditu Erandioko Udalak. Aitziber Oliban alkateak azaldu legez, erantzun zutenen %76 "gustura" bizi dira bertan, eta hainbat zerbitzuk dute erandioztarren gehiengoaren onespena, osasun- eta kultura arloetakoak, esaterako. Txanponaren ifrentzuan, besteak beste, segurtasuna dago: lautik hiruri ondo irudituko litzaieke kalean zaintzarako kamerak ipintzea. 

Gai ugariren gainean itaundu zitzaien 16 urtetik gorako 600 erandioztarri iaz egindako inkestan: udalerriaren irudia, zerbitzuak, segurtasuna... Alkatearen esanetan, gehiengoak balorazio ona eman du arlo gehienetan, eta askok pentsatzen dute Erandiok hobera egin duela. Osasun eta Kultura arloek, besteak beste, onespen zabala lortu dute. Zerbitzu zehatzei dagokienez, Aitziber Olibanek hiri-autobusa aipatu du inkestan ondoen baloratutakoen artean. Oro har, 10etik 6 puntu eman diete herritarrek Udalaren irudiari, eta beste horrenbeste udal-agintariei.

Aldiz, aparkalekua eta segurtasuna hobetu beharko liratekeela erantzun dute askok. Olibanek adierazi duenez, Udalak aintzat hartuko du inkestaren ondorioetako bat, aplikatzea egokia den ala ez erabakitzeko: kaleetan zaintza-kamerak ipintzearen alde egongo liratekeela adierazi zuten erantzun zutenen %75 inguruk. Bestalde, kalean aske dabiltzan txakurren aurkako neurri gogorragoak ez hartzea leporatu diote askok Udalari; arlo horretan eragitea lehentasunezkotzat jo du alkateak, eta gehitu du Udala gaiaren gaineko ordenantza diseinatzen dabilela daborduko.

Puntuaziorik txarrena, zelangura ere, aparkalekuak lortu du. Ildo horretan, inkestan parte hartutakoen erdia agertu zen hirigunean kamioiak uztea debekatzearen alde; Udalak aukera hori aztertuko duela iragarri du. Alde positiboan, legealdi honetarako aurreikusitako hiru hirigintza-proiekturen alde erantzun du gehiengoak: Astrabuduako Meso kalea berrurbanizatzea eta Mendiguren plaza estaltzea, eta Altzaga auzoko San Agustin ingurua hobetzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun