Axpe inguruan dagoen Sustraiak izeneko eskulturaren aipamenarekin abiatzen da dokumentala. Paulino Larrañaga eskultorearena da obra, eta, pieza txikiago batetik abiatuta, Erandioko Udalaren enkarguz egokitu zuen neurri monumentalera. Herriaren arima irudikatu nahi duten zazpi metro inguruko hiru giza figurak osatzen dute konposizioa: arrantzale batek, laborari batek eta fabrikako langile batek. Hiru gizonezkok, alegia. Eta nahikoa, halere, garaiko udal ordezkarien ustez, herriaren historia laburbiltzeko. Horregatik monumentuaren aipamena dokumentalean; eskultura horrek isilarazten duenari eskaini nahi diotelako ahotsa.
"Banku bat lapurtzea baino larriagoa da banku bat eratzea". Bete-betean asmatu zuen esaldiarekin Bertolt Brecht poeta alemaniarrak Hiru zentimoko opera antzezlanean, eta Erandioraino heltzen da haren oihartzuna. Martxoaren 8ko protestetan, hiru gizonkoteak pintura morez estalita esnatu zirelako, eta, noski, berehala hasi zirelako agertzen erasoaren aurkako gaitzespen mezuak sare sozialetan, bestela ere, eskultura hori, bere harrizko bake erraldoian, diru publikoz ibaiertzean zutik eta garbi mantentzea, ezeren aurkako eraso bat ez balitz bezala.