"Praktikatuz gero, denok gara marrazteko gai"

Unai Brea 2020ko ots. 27a, 07:35
Aimar Gambra eta Naiara Mugartza, Gorka Belasko irakasleagaz. UNAI BREA

Otsailaren 15ean Bartzelonan egon ziren Aimar Gambra eta Naiara Mugartza, batxilergo artistikoko ikasle erandioztarrak, hango Urban Sketchers taldeak gonbidatuta, 3er Dissabte de Febrer (otsaileko hirugarren zapatua) ekimenean parte hartzen. Kaleko marrazketan erreferentziazkoak diren hainbat egilegaz batera jardun zuten han. 

Bizkaian ikastetxe gutxik eskaintzen dute batxilergo artistikoa egiteko aukera. Horietako bat Uribe Kostan dago: Leioako Artaza-Romo institututua. Oraingo honetan, ordea, itsasadarraren beste aldera joan gara, Barakaldoko Beurko ikastetxera. Hantxe dabiltza Naiara Mugartza eta Aimar Gambra erandioztarrak, Goierrikoa bata eta Erandiogoikoakoa bestea. Orain gutxi, koadernoak hartu eta Bartzelonako ekimen garrantzitsu batean parte hartzeko aukera izan dute, Gorka Belasko irakaslearen bitartekaritzari esker.

Belaskok berak azaldu digu zelan sortu zitzaien aukera. "Iaz hasi ginen batxilergo artistikoan  bidaia kultural-pedagogikoak antolatzen, gelan lantzen ditugun kontu teoriko batzuk praktikara eramateko helburuz". Kaleko marrazketaren inguruko ekimen ugaritan parte hartzen du Beurkoko irakasleak, eta haren bitartez, Bartzelonako Urban Sketchers taldeak antolatutako 3er Dissabte de Febrer-era joateko aukera egokitu zitzaien Beurkoko zortzi ikasleri, tartean Naiara Mugartza eta Aimar Gambra.

"Deialdi irekiak egiten dituzte kalean marrazteko", azaldu du Belaskok, "eta kontuan hartu beharra dago Bartzelonako taldea munduko garrantzitsuenetako bat dela; oso jende garrantzitsuarekin egon gara, nazioartean dabilena erreferente modura". Mugartzak eta Gambrak diotenez, sekulako bizipena izan da halakoen alboan marrazten jarri eta haien azalpenak jasotzea. Zehazki, Bartzelonako Amaetxeko lorategietan jardun zuten otsailaren 15ean, begi aurrean zutena koadernora eroaten.

Inspirazioak lanean harrapa zaitzala

"Koadernoak aukera ematen du gelan esandakoa praktikara eramateko: ariketa, ariketa eta ariketa", dio Gorka Belaskok, "horrek balio du mito bat hausteko, batzuetan adin honetako ikasleek aipatzen dutena: inspirazioa etorri ezean ezin dutela lanik egin. Tira, honelako ekimenek balio dute norberak begien aurrean duena paperera eramateko, moduren batean edo bestean, eta gero, agian, beste zerbait sortzeko abiapuntua izango da hori". 

Berba egiten dugun bitartean, gelan gaudenon erretratua egiten dabiltza bai Gorka Belasko, bai ikasle biak. Arin egiten dute, trebe. Hala ere, ez dute bizimodua horretara bideratuko, edo ez daude guztiz seguru behintzat. Naiara Mugartzak historiaren artea ikasi gura du, eta ondoren irakaskuntzan jardun, edo arte-gidari modura, museo batean beharbada. Aimar Gambrak arte ederrak egiteko asmoa du, baina momentuz ez du hain argi nondik joko duen gerora. Marrazkilari abila da, baina musikari modura ere ez da makala.

Txikitatik dohaina izan ez duenak badu aukerarik ondo marrazteko?, galdera bota diegu. "Arlo guztietan bezala, praktikatuz gero denok gara marrazteko gai", dio Mugartzak. Galderari beste galdera batez erantzun dio Gorka Belaskok: "Beti esaten dut gauza bera: zuri nork irakatsi dizu? Ematen du berezko zerbait dela, barruan daukaguna, baina maila bateraino behintzat edonork ikas dezake, ariketa egokiak eginez eta gidaritzarekin, edo besteak baino burugogorragoa izanda". Bestalde, marrazketa-estilo batzuek beste batzuek baino lanketa handiagoa behar dutela azpimarratu du Gambrak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun