Erandio Bidaiak agentziaren bitartez Perura joan ziren 26 euskal herritar (horien artean sei erandioztar) martxoaren 8an, eta koronabirusaren krisiak galarazi die aurreikusitako egunean (martxoak 20) bueltatzea. Mugak itxi ditu Peruk, eta Espainiako Estatura ailegatzeko hegaldirik ez dute. Egunak daroatzate Limako hotel batean, zelan edo halan eusten, baina datozen orduetan kale gorrian gera daitezkeela ohartarazi du Koldo Garcia erandioztarrak, agentziako kide eta bidaiaren arduradunak.
"Hotel honetan eta ondokoetan dauden atzerritarrak etxera itzultzen direla ikusten gabiltza, baina guk ez dugu aukerarik"
Han daudenen etsipena adierazi du Garciak, sare sozialen bitartez zabaldutako bideo laburrean. "Hotel honetan eta ondoko beste bitan dauden atzerritarrek abioiak hartzen dituztela eta etxera itzultzen direla ikusten gabiltza, baina guk ez dugu aukerarik, espainiarrak gara hemen geratu garen bakarrak", adierazi du, "Espainiako enbaxadagaz harremanetan gaude baina... Lagundu gaitzazue handik, mesedez!".
Koronabirusa dela eta hotelean lau langile baino ez daude momentu honetan. Janaria pasabidean uzten diete eta eurek arduratu behar dute hartzeaz eta garbiketaz. Bihar edo etzi janaria agortuko dela jakinarazi diete ("hasi gara igartzen gutxiago ekartzen dutela"), eta hori gertatu orduko hotela itxiko dutela. Hartara, kale gorrian geratuko lirateke.
Elkartasuna adierazteko eta konponbidea eskatzeko, balkoietan arrantzale-zapiak eskegitzeko eskatu dute Erandioko hainbat taldek. Gaur iluntzeko 21:00etan "ahal denagaz" zarata egiteko deia ere zabaldu dute.