Lanera joan behar dutenei zein irten barik etxean egon behar dutenei zuzenduta dago zerbitzua, Aitziber Oliban alkateak Tele7 telebistan azaldu duenez. Birusak eta kutsatzeko arriskuak eragiten duten beldurra, kalera ezin ateratzea, egun askoko konfinamenduagatik sortzen diren bizikidetza-arazoak... Horiek denek sortzen dituzten kezkei eta ezinegonei erantzungo die aholkularitza psikologikoko kontsultategi batek, Udalaren bitartez.
Laguntzea eskatzeko hainbat bide daude. Batetik, 94 485 04 97 telefonora dei daiteke 10:00etatik 19:00etara, edo 688 861 504ra egun osoan zehar. Bestetik, mezu elektronikoa bidal daiteke erandioalerta@gmail.com helbidera. Gainera, taldeentzako bideo-konferentzia egingo dute egunero goizeko 11:00etan, eta bideoak ipiniko dituzte udal-webgunean.