Koronabirusa Uribe Kostan

Herriko establezimenduek maiatzaren 25era arte dute epea Erandio Bonoak kanpainari atxikitzeko

Unai Brea 2020ko mai. 19a, 15:57

Erandioko Udalak epea zabaldu du bertako negozioek eta enpresa txikiek Erandio Bonoak kanpainarako izena eman dezaten. Merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektoreko autonomoek eta mikroenpresek izango dute horretarako aukera, osasun-larrialdiaren ondorioz jarduera guztiz eten edo fakturazioa gutxienez %75 murriztu bazaie (aurreko seihilekoagaz konparatuta). 

Maiatzaren 25a izango da azken eguna kanpainari atxikitzeko, Udalak jakinarazi duenez. Bete beharreko baldintzak haren Facebook orrian ikus daitezke. Horietako bat jarduera udalerriko herriguneetako batean egitea da. Hau da, kanpainatik kanpo geratuko dira industrialdeetan, enpresa-parkeetan edo antzekoetan dihardutenak. Loteria-administrazioak eta aholkularitzak ere kanpoan geratzen dira.

Autonomoak eta mikroenpresak sartu ahal izango dira kanpainan. Zehazki, hamar langile baino gutxiago dituztenak dira mikroenpresak, "urteko bi milioi eurotik gorako negozio-bolumena edo balantze orokorra ez dutenak". Parte hartzen duten enpresek bonuen kanpaina amaitu arte (2020ko abenduaren 31) bere jarduera gauzatzeko konpromisoa hartzen dute, baita kanpainaren nondik norakoak bezeroei azaltzekoa ere.

Bonuei dagokienez, Udalak finantzatuko du haien %25, betiere 200.000 euroko muga gainditu barik. Hiru motatakoak izango dira, eta atxikitzen diren establezimenduek horietako bakarra aukeratu beharko dute: 

  • 7,5 eurokoak, 10 euroko erosketak egiteko

  • 15 eurokoak, 20 euroko erosketak egiteko

  • 37,50 eurokoak, 50 euroko erosketak egiteko

Udalak bonu bakoitzean bere gain hartzen duen hobaria aldez aurretik ordainduko dio onuradunari. Hain zuzen ere, 500 euro emango dizkiete jarduera etenda dutenei, eta 300 euro, jardunean jarraitzen duten baina fakturazioa gutxienez %75 murriztu zaienei. Honenbestez, establezimendu bakoitzak hara dezakeen gehienezko kopuru bat izango du, taula honetan laburbiltzen dena:

Jarduera etenda dutenentzat:

  • 7,50 euroko bonuak, 10 euroko erosketak egiteko: 200 bonu

  • 15 euroko bonuak, 20 euroko erosketak egiteko: 100 bonu

  • 37,50 euroko bonuak, 50 euroko erosketak egiteko: 40 bonu

Fakturazioa murriztu zaienentzat:

  • 7,50 euroko bonuak, 10 euroko erosketak egiteko: 120 bonu

  • 15 euroko bonuak, 20 euroko erosketak egiteko: 60 bonu

  • 37,50 euroko bonuak, 50 euroko erosketak egiteko: 24 bonu

Kanpaina bonuak agortzeagaz batera amaituko da, edo, beranduenez, aurtengo abenduaren 31n. Bonuak atxikitako establezimenduan erosiko dira, erosketa egitean edo zerbitzua ematean, eta une eta leku berean trukatuko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun