Basurtuko ospitalea pandemiara egokitu beharra zegoela eta, sei astez ezohiko lana egitea eta koronabirusak kutsatutako gaixo larriak zaintzea tokatu zaio Ibon Atxari. Bizipena zelakoa den azaldu digu.
Zein izan da zehazki COVID-19agaz izan duzun harremana?
Basurtun COVIDerako beren-beregi ireki diren sei ZIUetako batean egotea tokatu zait hilabete eta erdiz, zerbitzua itxi zen arte (maiatzaren 7an). Zabaldu zen azkenekoan egon naiz, ZIUetan sartzen zen gaixo-kopurua jaisten hasi zenean, beraz gure lan-karga ez da han handia izan. Ez zaigu bete zerbitzua.
Baina zuena berez ez da ZIUa, ezta?
Ez. ZIUa izateko moldatu behar izan da, materiala prestatu eta abar… Gainera, gurean ez dago logela itxirik, eta normalean gaixo horiek airetik transmititzen dute COVIDa. Ondorioz, gune osoa "zikina" zen.
Zer esan gura du horrek?
Sartzen zinen momentutik, eta denbora guztian, Norbera Babesteko Ekipamendua (NBE) jantzita eduki behar zenuela. Beste zerbitzuetan, logelak egonda, kanpokoa garbia zen eta barrukoa zikina. Ondorioz, gure kasuan denbora gehiago egon behar ginen NBEa jantzita.
Eta ez da erosoa...
Nahiko deserosoa da, beroa pasatzen da, maskarak presio egiten du eta nahiko enbarazu egiten du, betaurrekoek eta pantailak ere bai... Eta lan-kargaren arabera, ordu askotxo horrela egotea tokatu ahal zaizu. Buruko mina sortzen da, eta lankide batzuk zorabiatu izan dira. Eta ez dago aukerarik NBEa kentzeko, behin ipinita.
Horrez gain, zer moduzkoa izan da bizipena?
Joera dut gauzak pasa eta gero balorazio positiboak egitera, eta esan dezaket ez dela guztiz txarra izan. Baina kontuan izan behar da nik ez daukadala pertsonarik nire zaintzapean, gaztea naizela... Asma daukat, hori bai, eta une batzuetan pentsatu izan dut "positiboa banaiz zelan eragingo dit horrek, agian larriagotu egingo dit". Baina tira, etxea pertsona gazte osasuntsu batekin konpartitzen dut, eta horrek ere lasaitasuna ematen du etxera bueltatzeko orduan. Egia da ere momentu askotan kezka izan dudala, nik hartzeko baino, etxera eramateko. Eta badakit kide askok, umeak zituztenak, edo bikotekide zaurgarriak, edo gurasoak… Lan-kargaz aparte beldur horrekin ibili direla.
Kezka-giroan egon zarete, orduan?
Duda gabe. Eta testuingurua ulertzeko: asko hitz egin da ZIUetako oheez eta arnasgailuez, baina gutxi aipatzen da horren atzean trebatutako pertsona bat egon behar dela gaixoa zaintzen, eta guri tokatu zaigu ireki diren zerbitzu askotako profesionalak prestatuta ez egotea gaixo horiek artatzeko.
Zer dute berezi gaixo horiek?
Arnasgailuarekin dauden gaixoek hodi bat dute ahotik sartuta biriketaraino, eta denbora guztian, edo ia, sedazioa dute, oso ez-egonkorrak dira, erabiltzen diren drogak ez dira normalean erabiltzen direnak, makinak ere ez… Nahastuta egon gara, egoera horretarako trebatuta zeuden batzuk ez zeudenekin, baina trebatuta dagoenak lan-karga handiagoa du, eta ez dagoenarentzat egoera ez da erraza, ez dakielako gaixo hori maneiatzen. Lan-karga, estresa, birusaz ez kutsatzeko kezka… Dena batzen da.
Egoera latza, deskribatzen zabiltzana.
Esan nahi nuke, dena dela, gure lanbidean elkartasun handia dagoela, eta aurre egin ahal izan diogula egoerari, jakintza ahalik eta azkarren partekatzen. Horri esker hainbat bizitza aurrera atera dira.
Merezitako txaloak izan dira, orduan, iluntzerokoak...
[Irribarre]. Bada, txaloek sentsazio gazi-gozoa eragin didate. Alde batetik ona iruditzen zait jendeak egiten dugun lana aitortzea, eta ez guk bakarrik: zaintzaile askok, supermerkatuetako langileek, oinarrizko zerbitzuetakoek... Bestalde, uste dut txaloak orain mobilizazio bihurtu behar direla. Garai gogorrak omen datoz eta norbaitek argi ez bazuen, orain argiago dago osasun publikoa beharrezkoa dela, eta haren aldeko apustua bizitzaren aldeko apustua dela.
"Ez gara gerlariak"
"Ez zait batere gustatu hau gerra bat bezala planteatzea. Gu ez gara gerlariak, osasun-langileak gara, eta hau birus bat da, ondorio fisiko, psikologiko eta sozialak dituena, eta horrela egin behar zaio aurre, Tratamenduak bilatu, eta zaintza-sareak sortu. Erizainak ez gara super-heroiak, langileak baizik, eta baliabideak eta lan-baldintza duinak behar ditugu".