Ikaslagun bakoitzak erabakiko du ikasleari zelan lagundu. Ordutegia, berriz, ikasleak aukeratuko du. Izan ere, zerbitzua erabili gura dutenek formulario bat bete beharko dute, eta horretan adieraziko dute, besteak beste, zein egunetan eta gutxi gorabehera zein ordutan jaso gura duten laguntza, baita zein bidetatik ere (WhatsApp, telefono-deia, Google Hangouts, Zoom, Meet, TEAM edo Skype). Umearen adina eta zein mailatan dabilen ere zehaztu beharra dago. Ondoren, Udaleko Gazteria Zerbitzuak ipiniko ditu harremanetan ikaslea eta Ikaslaguna.
Laguntza behin eman daiteke, sortutako egun eta orduan, edo etengabe. Bigarren kasuan, Ikaslaguna prest egongo da ordu-tarte jakinetan ikaslearen telefono-deiei edo WhatsApp mezuei erantzuteko, 5-10 minutuz asko jota. Etxeko lanetako ariketetan zer eskatzen den azaltzean eta jarraibide batzuk ematean datza eskainiko den laguntza.