"1983an, halabeharrez Bilbori lotuta 43 urte egon ostean, erandioztarrek arazo eta gabezia handiak zituen herri bat jaso zuten", azaldu dute koordinakundearen aurkezpenean, "37 urte geroago egoera askoz hobea da, baina keztatu egiten gaitu, esate baterako, oraindik berdegune- eta pasealeku-falta konpondu ez izanak".
Ildo horretatik, indarrean dauden hirigintza-asmoak kritikatu dituzte, "Altzaga eta Astrabuduan, besteak beste, gune berdeak izateko azken aukerak agortzen ari baitira". Beste alde batetik, Erandioko ondare-elementu garrantzitsu batzuk galdu edo desitxuratu direla ere aipatu dute: Asuako errota, Usoen Etxea. Asuako tren-geltokia, Martiartuko dorretxea...
Zelangura, gai horietako askoren inguruan lanean dabiltzan taldeak badaudela azpimarratu dute, eta iragarri dute hasiera batean behintzat itsasadar ertzeko ondarea berreskuratzea izango dela euren helburu nagusia. Hala, Altzagako kaia izan da taldearen aurkezpena egiteko aukeratu duten lekua.
Itsasadarragaz zerikusia duten aldarrikapen bi agertu dituzte batez ere: Txurruka pasealekua "herriari itzultzea", eta gasolinoak udal-erakundeen babesa jasotzea. Lehenengoari dagokionez, aipatu dute 1921ean eraiki zela pasealekua, eta 40ko hamarkadan ontziola batek bereganatu zuela, ontziak handik uretaratzeko, baina aspaldi ez dela helburu horregaz erabiltzen. "2009an pasealekuaren zati bat errekuperatu zen, eta horrek ondo erakusten du auzotarren eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez pasealekua guztiz berreskura daitekeela".
Gasolinoaz, berriz, oso egoera larrian dagoela gogorarazi eta aurrera egin ahal izateko laguntza eskatu dute, "Erandioren ikur bat baita". Besteak beste, marea behera dagoenean bere lana egiteko zailtasunak dituela aipatu dute, eta adierazi dute horri zelanbaiteko konponbidea eman behar litzaiokeela.