Euren etxeak eraisteko aginduaren aurka protesta-elkarretaratzea egin du Astika Herria proiektuak

Unai Brea 2020ko uzt. 16a, 17:01

Gaurko elkarretaratzean egindako argazkietako bat (gehiago ikus dezakezue HIRUKAren Flick kanalean). HODEI TORRES

Dozenaka lagun elkartu dira gaur eguerdian Erandioko Udaletxearen aurrean, Astika Herriak deituta. Mobilizazioaren bidez, Udalak euren etxeak eraisteko agindua eman izana kritikatu gura izan dute, "guri jakinarazi barik sikiera". Hainbat baserri zaharrek osatzen dute Astika, azken hamazortzi urteetan okupatutako eta berreraikitako auzoa.

Deitzaileek azaldu dutenez, uztailaren 9an jakin zuten Erandioko Udalak euren etxeak eraisteko baimena eman diola Labartain SL enpresari, "gure bizi-proiektua garatzen dugun lekuan makro-azpiegitura bat eraikitzeko". Gogor kritikatu dute baimen hori eman izana bertan jendea bizi dela jakin arren.  

"Astikaren kontrako erasoak kutsu sinboliko nabaria du", adierazi dute gaurko elkarretaratzearen amaieran, "auzoa kapitalarentzako toki estrategikoan baitago, bi autobideren, merkataritza-gune baten eta industria-gune baten artean". Izan ere, Faoeta auzotik hurbil dago Astika, haren eta Carrefour merkataritza-gunearen artean.

"Kapitalaren eta Bizitzaren arteko talka"

"Astikako gatazkaren muinean aurkako bi jarreraren arteko talka dago", esan dute, "Kapitalaren eta Bizitzaren arteko talka. Alde batean gutxi batzuen interes ekonomikoak daude: Abiadura Handiko Trena eraikitzeko gure mendiak suntsitzen dituztenak, eraikuntzarekin espekulatzeko gaztetxeak desalojatzen dituztenak, turisten beharrizanei erantzuteko auzokideak haien auzoetatik botatzen dituztenak. Beste aldean erresistitzen dugunak gaude, mundu zuzenago eta solidarioago baten alde borroka jarraitzen dugunak".

Auzoko baserri batzuk XVI. mendekoak dira, Astika Herriaren esanetan. "Erortzear zeudela topatu genituen, eta azken hamazortzi urteetan berreraiki eta bizitzaz bete ditugu". Eraisketa-baimeneraino ailegatzeko prozesua, berriz, 2010ean hasi zela gogorarazi dute, Erandioko Udalak orduan birsailkatu baitzuen eremua, nekazaritzarako lurzoru izaera kendu eta industria-lurzoru izendatzeko. "Gure mezua zabalduz, okupazioaren eta etxebizitza izateko eskubidearen gaineko eztabaida mahai gainean ipintzeko itxaropena dugu", gaineratu du Astika Herriak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun