Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak Erandioko Lutxana Arraun taldea berdintasunaren alde egiten ari den apustua babestu du. Talde horretako trainerua ETE ligan lehiatuko da denboraldi honetan eta emakumeen ikusgarritasunaren aldeko eta desberdintasun matxisten aurkako irudiakaz margotu dute.
Traineru hori pintatzea Foru Sailak finantzatu du zati batean eta Eva Mena muralista eta grafitigileak egin du Bilboko Itsasmuseumeko instalazioetan mezu feminista helarazten duten koloreakaz, gainerako ontzien ohiko monotonia hausten dutenak.
Menak hamalau koloreko gama erabili du, arraunlari bakoitzeko bat eta, horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren Berdintasunaren logotipoa eta kirolaren munduan historia egin duten emakumeen izenak jaso ditu.
Lutxana Arraun taldearen traineruak hasi du bere txapelketa ofiziala eta orain dela gutxi Bizkaiko txapeldunordea izan da.
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak azaldu duenez, "Kirola ere mekanismo handia da emakume askoren lana agerian uzteko", batez ere "emakumeen borrokarako gaitasuna, indarra eta berdintasun-baldintzetan lehiatzeko ahala". Era berean, kritikatu du emakumeen kirola gizonena baino kaltetuagoa dagoela beti, "pandemian gizonezkoen ligetako baldintzak konpondu ditugu, baina emakumezkoenak bertan behera geratu dira", gaineratu du.