Parte-hartze bidezko aurrekontuak osatzeko prozesua abiarazi dute

Unai Brea 2020ko ira. 4a, 11:05

Atzotik, 2021eko udal-aurrekontuetarako proposamenak egin ditzakete Erandioko herritarrek, Udalak horretarako eskainitako bideen bitartez. Atal bi izango ditu prozesuak: orokorra eta gazteei zuzendutakoa. Parte hartzeko Erandion erroldatutakoa eta 16 urtetik gorakoa izan beharra dago (edo aurten bete adin hori).

Zalantzarik gabe, COVID-19 pandemiak eragindako krisiak eragin handia izango du datorren urteko aurrekontu publikoetan, eta Erandio ez salbuespena izango. Parte-hartze bidezko prozesua aurkezteko kaleratutako idatzian, udal-gobernuak aipatu du koronabirusaren eragina bikoitza izan dela aurten: batetik, aurreikusi gabeko baliabideak erabili behar izan dira haren transmisioa eragotzi eta ondorioak arintzeko; bestetik, diru-sarrerek behera egin dute, eta horrenbestez 2020ko udal-aurrekontuetan lau milioi euroko murrizketa egin da.

"Egoera horren aurrean, Udalak garrantzitsutzat jotzen du bere aurrekontua gauzatzeko lehentasunak zehaztea; alde horretatik, lehentasun horiek zehazten lagunduko diguten herritarren ekarpenak jaso nahi ditugu", azaldu dute. Parte hartzeko moduak Udalaren web-orri honetan adierazita daude. Bide bi erabil daitezke norberaren proposamenak helarazteko, online eta paperezko formularioa bidaliz. Bigarrena aukeratzen dutenek PDF bat izango dute eskura aipatutako loturan. Inprimaki hori bete eta Altzagako edo Astrabuduko Herritarren Arretarako Zerbitzuetan, udal-liburutegietako batean edo hiru auzo nagusietan beren-beregi ipiniko diren postontzi urdinetako batean utzi beharko da.

Postontziok egun hauetan egongo dira auzo bakoitzean:

  • Altzaga: irailak 7-13
  • Astrabudua: irailak 14-20
  • Erandiogoikoa: irailak 21-27

Gazteen proposamenak ere jasoko dituzte

Prozesu orokorragaz atera, 25 urte artekoei zuzendutakoa ere ipini dute martxan. Fase bi izango ditu: irailaren 13ra arte, gazteen egindako proposamenak jasoko dira. Udalak gogorarazi du hortik ateratzen diren proiektuak bideratzeko 20.000 euroko aurrekontua izango duela, eta hortaz, gehienez kostu hori duten ekimenak proposatzea komeni dela.

Bigaren fasean, irailaren 30era arte, Udalak "proposamen interesgarri eta egingarrienak" aurkeztuko ditu, eta bozkatzeko aukera emango zaie gazteei.

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun