Antza denez, tabernaren 40. urteurrena betetzeaz batera jaso zituen Udalak haren egoera irregularraren gaineko salaketak. EAJri dokumentazioari eskatu zioten, eta alderdiak Udalari baieztatu zion Batzoki horrek lizentzia barik diharduela. El Correo-ren esanetan, ordudanik EAJk ez du lortu establezimenduaren jarduera justifikatzeko behar duen dokumentazioa biltzea, eta hainbat bider eskatu du epea luzatzea. Badirudi egoera bideratzeko zorian dagoela baina Udalak zehapen-espediente bat irekiko duela edozein kasutan, egunkari bilbotarraren arabera.
Denera 33 establezimendu daude Erandion lizentzia barik zabalik, hura eskuratzeko izapideak egiten, eta azken urteetan beste 22ren egoera arautu da, Udalak jakin ostean baimen hori ez zutela.
EH Bildu: "40 urte baino gehiago daramatzate lagunartean gobernatzen"
Erandioko EH Bilduk prentsa-oharra kaleratu du albistea jakindakoan: "Egia dela berresten bada (argitzeko eskatu diogu gobernu-taldeari), EAJk gobernatzeko izan duen eta duen moduaren beste adibide bat izango da". Koalizioak lotsagarritzat jo du "hainbeste urte" udal-gobernuan eman eta gero "lizentzien gaia antolatzeko gauza ez izatea", eta bere ingurukoak faboritismoz tratatzea leporatu dio EAJri. .
"Erandion 33 lokal martxan izanik lizentziarik gabe, horiek erregularizatzeko edo ixteko ezer ez egitea prebarikatzea dela uste dugu", gaineratu dute. "Eskakizunak guztiontzat berdinak izatea" eskatu du EH Bilduk, eta iraingarritzat jo du Erandiogoikoako Batzokiaren kasuan 42 urtez ez-ikusiarena egin ondoren orain zehapen-espediente bat irekitzeaz berba egitea.