Erandioko alkateak funtzio barik utzi du prebarikazioa egiteaz salatu zuten Egoitz Bilbao zinegotzia

Unai Brea 2020ko aza. 11a, 10:54

Hainbat hedabidek aipatu dutenez, Aitziber Oliban Erandioko alkateak dekretu bat sinatu zuen joan den urriaren 13an, Egoitz Bilbao zinegotziaren funtzio guztiak alkatetzak berak bereganatuko zituela ebatziz. Hirigintzaz, Lan eta Zerbitzuez, Ingurumenaz eta Udal Etxebizitzez arduratzen zen Bilbao, besteak beste. Prebarikazio-salaketagatik ikertu dute, herritar bati informazioa ukatu ziola eta.

Alkatearen dekretua urriaren 26an argitaratu zen Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta adierazten du urriaren 7tik Udalean inolako erantzukizunik ez duela Egoitz Bilbaok. Hain zuzen ere, garai horretan ezagutu zen epaitegi bat Bilbaoren jarduera ikertzen ari zela, ustez prebarikazioa egiteagatik. Zinegotzia bajan dago urri hasieratik. 

Alberto Uriona kazetariak bere blogean azaldu duenez, gatazkaren jatorria da Erandion oraindino indarrean daudela orain dela 27 urteko hirigintza-arauak, ez baititu berritu zegokion epean. Ondorioz, "negozio eta eraikin askok ez dituzte betetzen 1993ko arau zaharkituak". Hala, Erandioko aurreko alkatea eta zinegotzi bi enpresa bati lizentzia barik jardutea baimentzeagatik epaitu zituen.

Azkenean zinegotzietako bat bakarrik zigortu zuten (zazpi urteko gaitasungabetzea ezarriz, Alberto Urionak dioenez), baina epaiketak beste ondorio bat izan zuen: Egoitz Bilbao oraingo zinegotziak hainbat lokal eta negozio ixteko agindua ematea. 2019an, Bilboko epaitegi batek horietako baten (jatetxe bat) itxiera bertan behera utzi zuen. Egoitz Bilbaok ez zuen agindua bete, eta horretarako eman zuen argudioa oraindino izapidetu ez den hirigintza-plana izan zen.

Horren aurrean, jatetxearen ugazabak informazioa eskatu zion Bilbaori udalerriko beste sei lokalen gainean, berari emandako tratua eta besteei emandakoa desberdinak zirela erakutsi guran. Iazko uztailean eskatu zuen herritar horrek informazioa, baina zinegotziak, sei lokaletatik, bakarraren informazioa eman zuen epearen barruan. Jatetxearen ugazabak, orduan, Arartekora jo zuen, eta hark txosten bat eman zuen joan den apirilean, esanez Egoitz Bilbaok informazio guztia eman behar izan zuela hilabeteko epean. 

Ekainean, COVIDagatiko konfinamendua amaituta eta informazioa jasotzen ez zuela ikusita, kaltetutako herritarrak zigor-arloko salaketa ipini zuen epaitegian, eta uztailean hasi zen usteko prebarikazioagatiko ikerketa Egoitz Bilbaoren aurka. Azkenean, epaitegiak ez du Bilbao zigortu, aurtengo irailetik espediente guztiak eskatu zituen herritarrak ikusteko moduan daudela eta egindakoa zigor-arloko delitutzat hartu ezin daitekeela esanez. Jatetxea, bestalde, zabalik dago, haren itxieraren aurka beste epaitegi batek ezarritako behin-behineko neurriei esker.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun