"Nahiko genuke guk arnasten duguna arnastea, bularrean opresioa nabaritzea eta begietako azkura izatea", adierazi zuten, Auzokoa Herriko Elkarteak eta Herri Bideak Kate Barik Elkarteak deituta, domekan egin zuten mobilizazioan. 150 pertsona inguruk beraien osasunerako eskubidea aldarrikatu zuten egun horretan, txalaparta, batukada, margolanak eta abestiak bezalako adierazpen artistikoak baliatuz.
Egoera hori salatzeko eta instituzioen inplikazioen bitartez konponbideak aurkitzeko, gaur Eusko Legebiltzarreko Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalaren Batzordean egongo dira, EH Bilduren eskariz.
Auzokideek sei urte daramatzate Befesa lantegiaren zarata eta kutsadura salatzen, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik inolako erantzunik jaso gabe. "Arazoa ez da bakarrik Erandio Goikoakoa bakarrik, herri osora zabaltzen da", azaldu zuten domekan egin zuten bateratzean. Auzorik kaltetuenak Erandio Goikoa, Asua, Astrabudua eta Arriaga diren arren, arazo hori herri osora zabaltzen dela zehaztu zuten.