Aitziber Oliban alkateak (EAJ) eta Jorge Gonzalez Enplegu, Berdintasun eta Turismo zinegotziak (PSE) aurkeztu zuten, joan den astelehenean, datorren urteko lehenengo sei hilabeteetarako enplegu-plana. Gonzalezek azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du egitasmoaren erdia, gutxi gorabehera (687.500 euro), eta Udalak gainerakoa.
Denera 55 lanpostu sortu dira, sei hilabeterako. Aitziber Oliban alkateak azpimarratu zuen zailtasunak dituztenei zuzendutakoak izango direla postu horiek: gizarteratzeko arazoak dituztenak, Gizarteratze Errenta kobratzen dutenak, 55 urtetik gorakoak, emakumeak... Pandemiaren eraginez lana galdu dutenek ere lehentasuna izango dute.
Planagaz lotuta (lanpostuetako batzuk horra bideratuko dira), adineko pertsonen behatokia ipiniko dun martxan udalak. Olibanen esanetan, agintaldian proiektu hori garatzeko asmoa egon bazegoen, baina azkartu egin dute, COVID-19a dela; izan ere, pandemiak areagotu egin ditu adinekoen bakardade-egoerak.
"Sei hilabetez enplegua sortzea ez da lorpen bat"
Jorge Gonzalezek azaldu zuenez, Udalaren asmoa lanagaz batera trebakuntza ere ematea da, "programan parte hartzen dutenei langabetu kroniko ez bihurtzen laguntzeko". Alabaina, planak kritikak jaso ditu, hain zuzen ere, behin-behineko irtenbidea besterik ez eskaintzeagatik. Esate baterako, Iker Jalon EH Bilduko zinegotziak Udalaren Facebook orrian adierazi du enpleguok ez dutela sortzen ez egonkortasunik ez segurtasunik: "Nork eskatuko du hipoteka bat bere lana sei hilabetean agortuko dela jakinda? Nork sortuko du familia bat egoera horretan?". Jalonen iritziz, Udalak enplegu iraunkorra sortu behar luke, sei hilabetean behin hedabideetan titular berdintsua kaleratzea saiatu beharrean. "Sei hilabetez enplegua sortzea ez da lorpen bat".
Unai Garcia erabiltzaileak, berriz, nabarmendu du 55 lanpostuetatik 38 obra-peoientzat eta lorazainentzat direla, eta arreta sozio-sanitarioagaz zerikusia dutenak, berriz, hiru besterik ez: "Oso argi geratu da zer lehentasun duen Udalak pandemia betean gauden honetan, eta zoritxarrez ez dira pertsonak, itxura ona ematea baino".