Erandioko Udalak E!Games bideo-jokoen lehiaketaren lehen edizioa aurkeztu zuen atzo, urtarrilaren 9an, lau gazte antolatzaileakaz batera. "Udalaren ekintza berri honegaz familientzako entretenimendu pilulak sortu gura ditugu", adierazi zuen Aitziber Oliban alkateak ekimenaren aurkezpena. Hala, adin ezberdinetako bi pertsonek osatutako taldeetan, Mario Kart lasterketako bideo-jokoaren belaunaldien arteko txapelketa egingo dute.
Iker Garcia de Vicuña, Nacho Almendariz, Mikel Cortes eta Yang Sheng antolatzaileak Mondragon Team Academyko partaideak dira, eta elkarregaz Kroma ekimena sortu dute; kirol lehiaketen bitartez ondo pasatzeko eta ikasteko ekimena, hain zuen ere. "Gure ekintzek bi ardatz dituzte: jokalariek ondo pasatzeko atal ludikoa, eta hezkuntza atala, gazte eta gurasoek internetek eta bideo-jokoek dituzten arazo eta aukeren inguruko hitzaldiak emateko gunea", azaldu dute gazteek.
Partidek 32 talde izango dituzte, eta otsailaren 19an eta 26an, eta martxoaren 5ean eta 12an egingo dituzte, Altzagako udaletxeko plazan eta Astrabuduko Mendiguren plazan, tokiak txandakatuz. Finala martxoaren 12an izango da, eta irabazleak Nintendo Switch bat eta diploma bat lortuko ditu. Izena herrian erroldatuta daudenetzako bakarrik izango da, otsailaren 15a arte, Udalaren webgunean.