Aisialdirako gune bat sortu dute Axpe ondoko mendi-magalean

Erredakzioa 2021ko mar. 3a, 12:34

Axpe industriaguneko mendi-magala egonkortzeko lanak 2019an hasi zituzten. © ERANDIOKO UDALA

Axpe industriagunearen alboko mendi-magalean egin dituzten egonkortze-lanak baliatuta, aisialdirako gune bat egin du Udalak. Bere aldetik, EH Bilduk salatu du lan horiek erandioztarrek ordaindu behar izan dituztela, EAJren "kudeaketa txarraren" ondorioz.

Erandioko Udalak, Axpe industriagunearen ondoko mendi-hegala egonkortzeko lanak bukatuta, aisialdirako eta paseatzeko gune bat sortu duela jakinarazi du; era berean, Hiru Gurutzeetako bidea ere berriro zabaldu dute.

2018an luizi batek inguruko hiru enpresa hustea eragin zuen; gainera, ondorengo txosten-teknikoek ohartarazi zuten mendi-magalaren lurrak ezegonkorrak zirela. Hori konpontzeko, Erandioko Udalak eta Sprilur industriagunearen sustatzaileak ingurua egonkortzeko lanak egin behar izan zituzten. Horrela, 6,4 milioi euroko kostua izan duten lanok 2019ko udan hasi eta 2020ko abenduan bukatu ziren.

Orain, lan horiek baliatuta, Udalak egin duen aisialdirako gunea aurkeztu dutenean, EH Bilduk adierazi du egindako guztia EAJren "kudeaketa txarraren beste adibide bat" dela. Izan ere, koalizio abertzalearen arabera, obra horiek egitearen erantzukizun zuzena industriagunea eraiki zuen Sprilur sozietate publikoarena zen. Horren harira, oposizioko taldeak azpimarratu du Udalak uko egin ziola erantzukizun hori erreklamatzeari, eta egonkortze- eta urbanizazio-lanen kostuaren % 50 bere gain hartzea onartu zuela, "ia 4 milioi euro".

Horretaz gainera, koalizio abertzaletik adierazi dute egonkortze-lanei ekiterakoan, balio historiko eta geologiko handiko harri bolkanikoak ere aurretik eraman zituztela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun