Astrabuduan itsaspeko sumendi baten ondarrak hondatu dituztela salatu dute

Ander Zarraga 2021ko mar. 17a, 12:54

Astrabuduko futbol-zelai ondoko bonba bolkanikoak. © GRASA Y SALITRE

Duela 90 milioi urteko itsaspeko sumendi baten aztarnak suntsitu dituztela ohartarazi dute Erandioko Auzkokideok elkartekoek. Nabarmendu dute gunearen balio geologikoa, didaktikoa eta turistikoa babestu beharra.

Erandio eta inguruak duela 90 milioi urte eraldatu zituzten sumendien arrastoak arriskuan daudela ohartarazi dute Erandioko Auzokideak elkartekoek. Etxebizitzak eraikitzeko lanek jarduera bolkanikoaren hondarrak ezabatu dituztela salatu dute; horren aurrean, gunea babesteko beharra adierazi dute, horrek daukan garrantzia geologiko, didaktiko eta turistikoagatik.

"Hondeamakinek gune horretan azaleratzen zen kuaternarioko terraza bat hondatu dute; itsasondoko uharriak ikusgai zeuden gunerik onena suntsituta dago", deitoratu dute auzo-elkarteko kideek. Lanak egiten ari diren errepidearen beste aldean, oraindik, uharriak ikusgai daudela jakinarazi eta horiek babesteko beharra ohartarazi dute, "dakigunez, Bilbo Handian ez dago horrelako beste gunerik, horregatik babesteko eskatzen dugu".

Auzokideak elkartekoek gogorarazi dute, duela urte batzuk, Astrabuduko futbol-zelaia egin zutenean, aztarna horien zati bat ezabatu zutela. Bertan aurkitu zituzten bonba bolkanikoak ondoko biribilgunean jarri zituzten, eta horiek Hiru Gurutzetako ingurunera eramateko eskatu dute, "ukitu ez den Astrabuduko guneari balio nabarmena emango liokete".

Duela milioika urte, gaur Erandio dagoen gunea itsaspean zegoen, eta Hiru Gurutzeta inguruan sumendi baten kraterra zegoela azaldu dute auzotarrek. Urpeko-erupzioek aipatutako bonba bolkanikoak eragin zituzten, eta Itzubaltzeta/Romotik Artxandara arte dagoen gune geologiko bereziaren aztarnak dira horiek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun