Hemendik aurrera, Erandioko herritarrek, elkarteek edo bestelako iragarleek euren oharrak jartzeko euskarri finkoak izango dituzte, Udalak jarri berri dituen informazio-panelakaz. Udal-iturriek azaldu dutenez, horien helburua da adierazpen askatasuna bermatuko duten euskarriak ahalbidetzea, baita herriko kaleak garbi mantentzea ere.
Udalak zabaldutako komunikatuak adierazten du Gizalegeko Ordenantzaren oinarrietako bat dela hori; herritarren arteko bizikidetza hobetzeko, eta jokabide arduragabeak zuzentzeko hitzarmena, hain zuzen ere. Panel horiek jartzeko herritarren eta hainbat elkarteren iritzia batu dutela ere azaldu dute.
Zehaztu dutenez, panel berri horietako lau Altzagan jarriko dituzte (Udaletxeko plazan, metro geltokiaren ondoan, kiroldegiaren inguruan eta Bekoa ikastetxe inguruan), beste lau Astrabuduan (Josu Murueta plazan, Andres Mendiguren enparantzan, anbulatorio ondoko plazan eta metroko igoeran) eta gainontzeko biak Erandiogoikoan (Euskadi plazan eta Mentxakena inguruan).