Itsasadarra ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko ditu Erandioko gasolinoak

Ander Zarraga 2021ko api. 26a, 10:21

Erandio eta Barakaldo batzen dituen gasolinoak bisita gidatuak egingo ditu datozen hilabeteetan. Ondare industrial eta kulturala ezagutzera emateko ekimenak emaitza onak baditu, turismo-zerbitzu egonkorragoa ezartzea aurreikusi dute.

Itsasadarraren ondare industrial eta kulturala ezagutzera emateko helburuagaz, Erandioko gasolinoak bisita gidatuak egingo ditu maiatza, ekaina eta uztailean zehar. Konkretuki, zapatuetan egingo dira (maiatzak 8 eta 15, ekainak 5 eta 12 eta uztailak 3 eta 10), 11:00etatik 13:00etara bitartean. Gasolinoak itsasadarreko urak zeharkatzen dituen bitartean, gidari batek industria eta merkataritzaren inguruko argibideak emango dizkie bisitariei, Bilbok izan zuen lehendabiziko portutik, gaur egun arte, hain zuzen ere. Irteerek ibilbide bi izango dituzte: itsasadarrean gora San Anton zubira arte edo Abrara norabidean.

Erandioko Udalagaz batera bultzatutako ekimen hau turismoaren eragile garrantzitsua izan daitekeela deritzo Jorge Gonzalez enplegu, turismo eta berdintasun zinegotziak. "Iaz egiteko asmoa genuen, baina COVID-19aren ondorioz, beste hainbat ekintza bezala, bertan behera geratu zen; orain baldintzak ematen direla uste dugu, baldin eta osasun neurriak betetzen badira", zehaztu du.

Ekimen honegaz Erandioko gasolinoaren balioa ere nabarmendu gura izan dutela azpimarratu du zinegotziak: "Herriaren iragan industrialagaz lotura handia duen garraiobidea da, eta turismo arlotik uste dugu irteera hauekaz bere egoera ekonomiko larria arintzen lagunduko diogula". Gaineratu du ekimenak arrera ona izanez gero zerbitzua egonkortuko dutela, data eta aukera gehiago txertatuz.

Gasolinoak 25 pertsonentzako edukiera dauka, eta irteeretarako izen ematea udal-webgunearen bitartez egingo da, lotura honetan. Txangoak elebidunak izango dira, euskaraz zein gazteleraz. Prezioei dagokienez, ateraldi bakoitzak 5 euro balioko ditu, 3 euro 18tik berakoentzat eta doan 4 urte baino gazteagoentzat.

Erlazionatuak

Erandioko gasolinoaren etorkizuna kolokan

Ander Zarraga · Hodei Torres 2021 ots 19 Erandio

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun