Zapatuan, apirilaren 24an, Erandioko Sortuk herriko industriaren aldeko ekimena gauzatu zuen; horretan, etorkizun duin bat finkatuko duten lanpostuak mantendu eta sortzeko beharra aldarrikatu zuten.
Sektoreak bizi duen egoera azaltzeko, herrian itxi edo lekuz aldatu dituzten hainbat lantegiren izenak zerrendatu zituzten. Horrez gainera, adierazi zuten herriaren iragana, orainaldia eta etorkizuna direla horiek; "langileen lana eta borrokaren emaitza".
Cables y Alambres Reunidos lantegiaren kasu adierazgarria nabarmendu zuten: "Mende bateko ibilbidea eta gero, aktibo zeuden 120 lanpostu desagertu dira; enpresa adierazgarrienetako bat desagertzen utzi dute, konponbiderako inolako asmorik gabe".
Era berean, gaineratu zuten langileria "eskulan merkea, prekarioa eta indibidualizatua" bihurtu gura dutela: "Langileok argi dugu, baldintza duinak izango dituen etorkizuna ezin da zerbitzu sektore prekarizatuan oinarritu, plan industriala behar dugu". Egoera horri aurre egiteko errezeta ere proposatu zuten ekitaldian: "Langile kontzientzia, batasuna eta borroka".