Sakonean

Elkartasuna kutsaduragaz amaitzeko

Ander Zarraga 2021ko mai. 18a, 09:00

Elexalde urbanizazioaren metro gutxira dago Befesa Aluminio lantega.

Erandiogoikoko biztanleek urteak daramatzate inguruko lantegietako kutsadura jasaten, eta hainbat estrategia probatu ondoren, egitasmo berria aurkeztu dute: Erandion bizi, kutsadurarik ez!. Horren helburua da airea, lurra eta ura ikertzea, egon daitekeena antzeman eta berreskura daitezkeen guneak identifikatzeko. Hori guztia artearen bidez zabalduko dute.

Dena 2014an hasi zela kontatzen dute Erandioko Auzokoa Herrikoi Elkarteko eta Herri Bideak Kate Barik elkarteetako kideek: "Parkean umeakaz geundela, bat-batean sekulako kiratsa etorri zitzaigun industrialdetik; beldur ginen, eta zerbait pasatzen zela pentsatu genuen, beraz, Udaltzaingora deitu genuen". Urte horretako azaroaren 18an, Erandiogoikoko auzokide batzuek gutun bat erregistratu zuten salatzeko industrialdetik zetorren kiratsa, zarata eta ustezko kutsaduraz. Ordutik, hainbat mobilizazio eta denuntzia egin dituzte. Hala ere, deitoratu dute ordutik inguruko lantegietako ke isurketak eta zaratak etengabe hazi direla, eta edozein momentutan gerta daitezkeela.

Beraien kezkarik handiena da etxe ondoan daukaten Befesa Aluminio lantegiak noizbehinka isurtzen duen usain txarreko ke horrek zer daukan; jakin gura dute kutsagarria den eta nolako eragina duen beraien osasunean. Diotenez, sei urte daroatzate estrategia ezberdinak bilatzen kiratsagaz eta zaratagaz bukatzeko, eta, orain, elkarte biek indarrak batu dituzte arazoaren azterketa sakona egiteko egitasmoa aurkezteko: Erandion bizi, kutsadurarik ez! izenekoa.

Asua ibaia EAEko kutsatuenetakoa da; lindano, artseniko eta zianuro kopuru handiak ditu.

Kutsadura ez da gauza berria Erandion, inguruetan egon diren hainbat lantegiek lurra eta airea etengabe kutsatu dutelako hainbat urtez. Askok gogoratuko dute 1969 urtean, kutsaduraren aurkako manifestazio batean, poliziak hil zituen Josu Murueta eta Anton Fernandezen kasu adierazgarriak. Kutsadura horren beste adibide bat da Asua ibaiarena: bere kilometro erdiko ibilbidea EAEko kutsatuenetakoa da; lindano, artseniko eta zianuro kopuru handiak ditu horrek. 2000an ibaia garbitzeko saiakera bat egon zen, baina horretan dragatu behar diren 70.000 metro kubiko lohi gordeko dituen edukiontzirik ez dagoenez, egitasmoa bertan behera geratu zen.

Elkarteetako kideek onartzen dute kutsadura asko murriztu dela aurreko hamarkadakaz konparatuta, baina, ez ikusi arren, hor jarraitzen duela diote. Hain zuzen ere, Befesa Aluminio lantegia seinalatzen dute kutsadura horren iturri nagusi bezala, nahiz eta ingurumena kutsatzen duten beste enpresa batzuk ere daudela baieztatu. Diotenez, noiz behinka, lantegiak usain korrosiboa eta eztarria zein begiak narritatzen dituen kea botatzen du bere zirrikitu guztietatik. Zarataren arazoa ere oso larria dela diote, goizaldeko orduetan iskanbila itzela ateratzen delako bertatik. "Usaina eta zarata etxe barrura arte sartzen zaizkigu", kexu dira.

Befesa lantegiaren kea tximinietatik ez ezik, teilatutik ere ateratzen da askotan, diote nez hori da usain txarraren jatorria. © AUZOKOA HERRIKOI ELKARTEA

Befesa lantegiaren kea tximinietatik ez ezik, teilatutik ere ateratzen da askotan, diotenez hori da usain txarraren jatorria. © AUZOKOA HERRIKOI ELKARTEA

Elexalde urbanizaziotik eta haur-eskolatik metro gutxira kokatuta dagoen lantegi horretan, Europako hainbat tokitatik ekartzen dituzten aluminiozko hondakinak eta hauts-hondarrak birziklatzen dituzte. Horiek desegiteko erabiltzen dituzten labeak irekitzen dituztenean ateratzen den keak eragiten ditu isuriak, "labeetako kea tximinietatik atera beharko litzateke egoki iragazteko, baina ez da hori gertatzen, eta lantegiko teilatuko zirrikituetatik ateratzen da zuzenean", deitoratu dute auzokideek. Hori kontutan hartuta, ondorioztatu dute ateratzen den kea ez dagoela behar den moduan iragazita, eta, beraz, kutsagarria izan daitekeela.

Orain arte hainbat salaketa eta mobilizazio egin dituzte egoera salatzeko, baina ez dute ezer lortu. Are gehiago, Befesak 2018an lantegiaren produkzioa areagotu zuen, talde ekologistek lantegi horrek Valladoliden duen fabrika hainbatetan salatu ondoren. Ordutik, kutsadura eta zarata hazi baino ez direla deitoratu dute erandioztarrek.

"Prestatuta zegoen bisita, eta lantegiak produkzioa geldituta zeukan, eta horrela gertatu da neurketak egin dituztenetan"

Bestalde, auzokoek jakinarazi dutenez, Erandioko Udalak adierazi zien arazoa ez dela bere eskumenekoa, baina neurketak egingo zituela; aldiz, Eusko Jaurlaritzak arazorik ez dagoela erantzun zien. Horien arabera, Sangronizen (Sondika) eta Erandion bertan dauden neurgailuek ez dituzte PM 2,5 partikula kopuru handirik antzematen eta, beraz, ez ei dago kutsadura larririk. Horren harira, Marian Delgado Herri Bideak Kate Barik elkarteko kideak dio neurgailuek ez dutela kutsadura identifikatzen Befesak momentuko isurketa handiak egiten dituelako, eta tresnek orduetako bataz bestekoa egiten dutelako, "beraz, jarioak estalita geratzen dira". 
Elkarteetako kideek azaldu dute lantegira bisita ere egin zutela Jaurlaritzako ordezkariakaz, baina, momentu horretan, ekoizpena etenda zegoela eta, ondorioz, ez zela zarata edo kutsadura zantzurik egon: "Prestatuta zegoen bisita, eta lantegiak produkzioa geldituta zeukan, eta horrela gertatu da neurketak egin dituztenetan".

Bi ardatz kutsaduraren aurka

Ikusita ez Udalak ezta Eusko Jaurlaritzak ere ez zutela arazoa eteten, 2020an elkarretaratzeak egiteari ekin zioten, eta Legebiltzarraren Ingurumen Batzordean agerraldia egin zuten abenduan. Momentu hartan, inflexio puntu bat egon zela diote: "Aurrez aurre eta sare sozialetan ikusten genuen jendea gero eta gehiago ari zela kexatzen, isuriak areagotzen ari zirela, eta zerbait egitea erabaki genuen". Hala, elkarteek "Erandion bizi, kutsadurarik ez!" proiektua aurkeztu zuten. Horren helburua da ingurumenaren neurketa fidagarriak egitea eta arte eta hezkuntza-edukien bitartez herritarrak kutsaduraren inguruan kontzientziatzea. Horretarako, Erandioko EH Bilduk herrian garatzeko proiektuen lehiaketara aurkeztu zuten euren proposamena, eta baita irabazi ere. Hala, 13.500 euro eskuratu zituzten egitasmoa aurrera atera ahal izateko.

"Aurrez aurre eta sare sozialetan ikusten genuen jendea gero eta gehiago ari zela kexatzen, isuriak areagotzen ari zirela, eta zerbait egitea erabaki genuen"

Nabarmendu dute euren asmoa ez dela lantegiak desagerraraztea, badakitelako hainbat lanpostu sortzen dituztela, "baita gure auzotarren artean ere", baina bizitzeko baldintza duinak eskuratu gura dituztela azpimarratu dute.

Proiektuak ardatz nagusi bi izango ditu. Alde batetik, landa-lana egingo dute, airearen, uraren eta lurraren neurketen eta laginen bitartez jarduera kutsagarriak identifikatzeko eta arnasten duten airearen konposaketa ezagutzeko. Batez ere, Ingurumen Baimen Bateratuari esker, industriak airera botatzen dituen partikulak aztertu gura dituzte, horiek pertsonen osasunean izan ditzaketen eragina aztertzeko. Neurketa horiek baliatuta, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Estatuaren, Europaren eta OMEren legeriagaz alderatuko dituzte, legea errespetatzen den ezartzeko. Datu horiek ikertzeko, unibertsitateetako katedradunengana ere joko dutela adierazi dute.

Diotenez, Befesa lantegiko kutsadura frogatzeko, isurketa bat bete-betean harrapatu beharko lukete. Modu horretara, bere osaketa ezagutu eta Eusko Jaurlaritzak protokolo bat abiaraziko luke, hori arriskutsua balitz. Hala ere, horretarako, neurgailuak jarrita izan behar dituzte isuria gertatzen den momentuan, eta, azaldu dutenez, hori ez da ez merkea, ezta erraza ere hori lortzea.

Beste alde batetik, hori guztia gauzatzeko eta arazoa ikusgarri egiteko, herritarren babesa ezinbestekoa dela uste dute; horregatik, artea erabiliko dute eraldatzeko tresna gisa. "Daukagun diruaren gehiena frogak egiteko izango da, horiek oso garestiak direlako; baina, zati bat erabiliko dugu jendeari ahotsa emateko, baita umeei ere, horiek direlako eskolan abisua ematen duten lehenak". Besteak beste, Gorritxo txantxangorriaren komikia argitaratuko dute hori guztia azaltzeko; artibismoa ere egingo dute, erakusketa ibiltari bat baliatuta kutsadura artearen bidez ikustarazteko; gainera, bideoak, irteerak eta beste hainbat ekintza ere aurreikusi dituztela iragarri dute. Beste auzo eta herrietan ere ekintzak egiteko asmoa dute erandiogoikokoek, kutsadurak mugak bereizten ez dituelakoan.

Landareek airean dagoen kutsadura xurgatzen dute; hori baliatuko dute neurketak egiteko.

Era berean, Erandioko ingurumenaren mapa osatu gura dute, kutsagarriak izan daitezkeen industriak, kutsatutako lurzoruak eta birsortzeko aukera duten eremuak identifikatzeko. Helburu bikoitza dute: alde batetik, gune kutsatu eta garbien bereizketa egin, kutsadura erraz antzemateko; eta, bestetik, berreskuratu daitezkeen eremuak identifikatu.

Mailukiak kutsadura neurtzeko

Airearen Zaindariak izeneko ekimena baliatuta, 300 marrubi-landare banatu dituzte udalerrian metal astunen presentzia detektatzeko. Ivercivis fundazioak martxan jarritako ekimen horregaz denbora jakin batean hostoetan pilatzen diren metal astunak ikertu daitezke, horien konposaketa eta kopurua jakiteko. "Gasteizen sistema hau erabili zuten, eta Green Capital delakoak ez zituen hain emaitza berdeak izan", gogoratu dute ekintzaileek. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun