Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, oniritzia eman dio Erandioko Playabarri industriagunean tren-kotxetegi berria eraikitzeko egitasmoari. Proiektuak 400.000 euroko aurrekontua du, 12 hilabetetan gauzatzeko epeagaz.
Adierazi dutenez, egitura berri horrek Bilboko metroaren gaur egungo beharrei eta 5. linea bezalako etorkizuneko hedapenei erantzuteko helburua dauka. Bertan, tren-biltegia, mauka-trenbide bat eta trenen mantentze- eta garbiketa-lanak egiteko egitura jarriko dituzte. Horretaz gain, 20 metro inguruko zulo-trenbidea eta langileentzako egoitza ere izango ditu eraikinak, besteak beste.
Hala ere, azaldu dute eraikuntza-proiektua egin aurretik, enpresa esleipendunak lan horietarako aukeren azterlan bat idatzi beharko duela, irizpide hauek kontuan hartuta: eraikinaren soluzio arkitektonikoak eta energia-eraginkortasunagaz erlazionatutakoak, trenbidearen funtzionalitatea, eraikuntza prozedura, balorazio ekonomikoa, mantentze lanak eta kostuen eta onuraren azterlana, besteak beste.