Pandemiak markatutako urtea izan da 2020, eta kultur-elkarteek eta kirol-taldeek hainbat eragozpen izan dituzte beraien ekintzak garatzeko. BTT Txapelketa, Olentzeroa, Euskal Ezkontza, Munduko Sokatira Txapelketa eta beste hainbat ekintzen antolatzaileak babestu gura ditu Udalak, eta, horretarako, 160.000 eurora igo ditu tokiko erakunde antolatzaileentzako laguntzak.
"Erandioko Udalak agenda kultural seguru baten aldeko apustua egiten jarraitzen du; osasun-egoera gorabehera, herritarrei aisialdi eta entretenimendu aukerak eskaintzen jarraitu gura diegu, eta, aldi berean, larrialdi egoera zeharkatzen ari diren sektoreei laguntza eman gura diegu ere", azaldu dio Egokine Angulo herritarren arloko arduradunak Deia egunkariari.
Diru-laguntza horiek elkarteek jaso dituzten mota ezberdinetako ekarpenen osagarria dira, herriko elkarte ezberdinek beraien jarduerak garatzeko jasotzen dituzten laguntzena, hain zuzen ere. Horretaz gain, Udalak herriko merkatariei ere laguntza eman die, E! Bonoak bezalako ekimenen bitartez. Kanpaina horregaz, 50.000 euro bideratu dituzte, eta kontsumitzaileek 5 euroko deskontua lortu dute 20 euroko erosketetan.