Google eta Edelvivesek euren azken nobedadeak aurkeztu dituzte Erandioko Jado ikastetxean

Erredakzioa 2021ko mai. 21a, 13:04

Jado ikastetxean egindako aurkezpenaren momentuetako bat. © JADO IKASTETXEA

Google eta Edelvivesek ekitaldia egin zuten eguaztenean, elkarregaz hezkuntzaren digitalizazio prozesuan ematen ari diren urratsak azaltzeko. Bilatzaile famatuko ordezkariak ikasle eta irakasleentzako sortu dituzten tresna berriak aurkeztu zituen.

Google eta Edelvives taldeek euren azken berritasunak aurkeztu zituzten eguaztenean, maiatzaren 19an, Erandioko Jado ikastetxean. Ekitaldian egon ziren Udaleko Hezkuntza zinegotzia, inguruko ikastetxeetako zuzendari eta ordezkariak eta enpresa bietako ordezkariak.

Urte zail baten ondoren, Edelvives eta Google for Education indartsu itzuli direla nabarmendu zuten, eta dakartzaten berritasun guztiak aurkezteko ekitaldia egin zuten Erandioko Jado ikastetxean. Gaineratu zuten berritasun horiek aurkezteko bira egiten ari direla hainbat hirietatik.

Oraingoan Erandiori egokitu zaio, eta Gonzalo Romerok, Google for Education buruak, erakundearen proposamen bi nabarmendu zituen: "Irakasleentzat Google Workspace Teaching and Learning, besteak beste, bideokonferentziak, Googleren berrikuspenak eta lan-antolaketarako espazioak dituena; eta ikasleentzat, Google Workspace for Education Plus, segurtasuneko, estatistikako, irakaskuntza-ikaskuntzarako funtzio aurreratuak dituen tresna, hain zuzen ere"

Javier Cendoyak, Edelvives Taldeko Zuzendari Nagusiak, Googleren lan-ildo beretik jarraitu zuen hurrengoa adierazita: "Bidean jarraitzen dugu, gustatzen zaiguna posible eginez: Hezkuntza eta teknologia integratzea; aitzindariak izan ginen proposamen honetan, eta ikastetxeetatik oso gertu egoten jarraitu nahi dugu".

Aurkezpenean, azpimarratu zuten Hezkuntza-munduan teknologia ezinbesteko elementua bilakatu dela, eta, bide horri jarraituz, Edelvivesen eskutik, 140.000 Chromebook baino gehiago ezarri dituztela ikastetxeetan. Horregaz batera, nabarmendu zuten 6.000 irakasle ziurtatu baino gehiago dituztela daborduko, eta 1.000 ikastetxe baino gehiago ari direla laguntzen eraldaketa digitalaren prozesuan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun