Erandioko Udalak animaliak batzeko sistema berriztu du, eta, orain, animaliak, batu, zaindu eta kudeatzeko ardura Quincocan enpresari esleitu dio, urtean 48.158 eurogatik. Zerbitzu berri horregaz animaliak egunero batuko dituzte, gehienez 40 minutuko tarteagaz.
Lehenago Erandioko Udaltzaingoak egiten zuen animalak batu eta zaintzeko lana, udaletxean horretarako egokituta zegoen gunea.
Udal-iturriek adierazi dute iaz 11 txakur jaso, eta kalean beste 15 batu zituztela; horietako 8 bere jabeei itzuli zizkieten. Aldi berean, azaldu dute animalia bi sakrifikatu zituztela: bata berreskuratzeko aukerarik gabeko animalia arriskutsua zelako, eta, besteak, gaixotasun larri bat zeukalako. Aitziber Oliban alkateak azaldu duenez, "erabaki hori txakurren etologo batek aginduta", hartutako neurria izan da.
10 txakur etxe bila
Familia bila dauden animalien adopzioa errazteko asmoagaz, udal-arduradunak erraztasunak bilatzen ari direla ere jakinarazi dute; izan ere, Udalak 10 txakur ditu etxe bila daudenak. Horretarako, udal-webgunean animalien argazkiak txertatzea edo horiek zuzenean ikusteko egun bat aukeratzeko ikertzen ari dira.
Horretaz gain, txakurrak hartzea erabakitzen duten pertsonek hilabete izango dute horiekaz geratzen diren erabakitzeko; denbora horretan, Udala arduratuko da elikadura- eta albaitaritza-zerbitzuaz. Gainera, familiek jarraipen- eta tutoretza-zerbitzua ere jasoko dute.
Animaliak kontrolatzeko kanpaina
Erandioko Udalak apirilaren 1ean ekin zion etxeko-animaliak kontrolatzeko kanpainari; ordutik, Udaltzaingoak egin dituen 93 errutinetan 18 esku-hartze egin dituztela jakinarazi dute. Horietan, egoera txarrean zeuden lau txakur antzeman dituzte, eta arraza arriskutsuko txakurrak solte edo muturrekorik gabe eramateagatik bost pertsonek isunak jaso dituzte; beste txakur-jabe bat zigortu dute umeentzako parkean txakurra aske edukitzeagatik, eta beste bat kakak ez batzeagatik.