Ospe handiko hiru ingeniarik itsasadarraren gaineko zubirako diseinu-proposamenak egingo dituzte

Ander Zarraga 2021ko eka. 18a, 14:44

Imanol Pradales eta Mikel Ortuzar zubiaren ezaugarriak azaltzen. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusi duenez, 2022 urtearen amaieran hasiko da eraikitzen oinezko zein bizikletentzako Erandio eta Barakaldo arteko zubia. Eskuinaldeko itsasadarreko bulebarraren parte izango den egitura horren proiekturako, zubietan adituak diren hiru ingeniarik konponbideak proposatuko dituzte: Mariano Villameriel, Mario Guisasola eta Mike Schlaich.

Aldundiak aurrera jarraitzen du mugikortasun iraunkorreko azpiegituren garapenen arloan, eta, horren harira, gaur, ekainaren 18an, Erandio eta Barakaldo elkartuko dituen zubi mugikorraren proiektua aurkeztu dute. Aurreikuspenen arabera, Getxo eta Bilbo lotuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako bulebarra eta aipatutako zubia 2024rako egongo dira prest, eta 36,5 milioi euroko inbertsioa beherako dute; horietatik 16,5 milioi zubiari dagozkio.

Daborduko dakigunez, gaur aurkeztu duten zubia mugikorra izango da, itsasadarrean nabigatu ahal izateko, eta Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak adierazi duenez, Aldundiak itsasadarraren ikono berri bat bilakatzea bilatzen du: "Pasabide-zubi bat baino zerbait gehiago izango da, proiektuak aisialdirako espazioak jasoko baititu, Erandioko eta Barakaldoko hiri-inguruneekin integraturik dagoen zubi bizigarri bihurtze aldera".

Igarobide horren diseinuak beste zenbait konplexutasun teknikori aurre egin beharko dizkiola ere zehaztu dute, besteak beste, luzera handia izatea eta itsas-inguruan egotea. Horregatik, ospe handiko eta nazioarteko esperientzia duten hiru adituk hartuko dute parte diseinu-fasean: Mario Guisasolak, Mariano Villamerielek eta Mike Schlaichek, hain zuzen ere.

Horiek hainbat konponbide aurkeztuko dituzte aipatutako oztopoei aurre egiteko, eta, horien artean, soluzio teknikorik onena eskaintzen duena hautatuko dutela iragarri dute; horretarako, honako irizpide hauek hartuko dituzte kontuan: kostu ekonomikoa, eraikuntza-prozesua, ertz biak hiri-bilbean integratzea, zimenduak, hautatzen den sistema mugikorra edo pilareen babestea.

Berezitasunak

Mikel Ortuzar Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saileko Proiektu Zerbitzuko buruak azaldu ditu zubia eraikitzeko orduan izango dituzten traba nabarmenenak: 

  • Ertz batetik beste ertzera arteko distantzia 240 metrokoa da, eta zubiak ahalik eta pilarik gutxien izan beharko ditu.
  • Itsas ingurunean oinarritzen denez, horrek zaildu egiten du pilen zimendatzea eta eraikuntza-metodoa, beraz, pontoiak erabili beharko dituzte.
  • Irekitzean, nabigatzeko pasabideak 50 metro ingurukoa izan beharko du, eta, horretarako, bao mugikor handi bat behar da. Gainera, gaur egungo trafikoak kontuan hartuta, urtean 100 eta 120 aldiz irekitzea aurreikusten dute.
  • Zubi-taularen altuerak aukera eman behar die ontzi txikiei zubia ireki gabe igarotzeko, eta, aldi berean, ez da oso handia izan behar, ertz bakoitzeko malda bizikletentzat, oinezkoentzat, gurpil-aulkietan dauden pertsonentzat edo orgatxoekin ibiltzeko egokia izan behar baita.
  • Hiriko zubia da, eta, horrenbestez, bizikleta-errei eta oinezkoentzako espaloi bat edukitzeaz gain, bizigarria izan behar da, aisialdirako eta atsedenerako espazioak eskainiz.
  • Txirrindularien eta oinezkoen arteko bizikidetza kontuan hartu beharko du, batez ere ertz bietako lurreratzeetan, trafikoen arteko gurutzaketa-gatazkak minimizatuz.

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun