Pandemiaren aurretik astelehenero egiten zuten moduan, atzo, 160 pertsona baino gehiago elkartu ziren Uribe-Kosta-Eskuinaldeko Pentsiodunen Plataformak Erandioko kaleetatik egin zuen manifestazioan. Horiei, Plentzian elkartu ziren 28 pertsonak batu behar zaizkie; izan ere, pandemiaren aurretik egiten zituzten eskualdeko mobilizazioak berreskuratzeko asmoa dutela iragarri dute plataformako kideek.
Atzoko manifestazioan adierazi zuten praktika hori berreskuratuko dutela, "mehatxatzen gaituzten eraso sakonen aurrean, beste sektore sozial batzuekaz indarrak elkartzeko". "Espainiako Kongresuan Toledoko Itunaren gomendioak onartu ostean, pentsioen erreforma berria martxan" dagoela uste dute, beraz, ez zaizkie kalera ateratzeko arrazoiak falta. Momentuz, horren edukiaz ezer gutxi dakiten arren, egunotan prentsan argitaratu denaren arabera, ondorioztatu dute Espainiako Gobernua Europar Batasunagaz Berreskuratze Funtsak eskatzeko negoziatzen ari dela, eta, horregatik, baieztatu dute, "murrizketak jarraitu eta sakondu egingo direla".
Horregaz batera, gaitzetsi dute egungo gobernuak orain arte ez duela agindutakoa bete, ez baititu indargabetu 2011 eta 2013ko pentsioen erreformak, ezta 2010 eta 2012ko lan-erreformak ere. Salatu dutenez, "lan-erreforma honek kaleratzeak merkatuz eta zabor-kontratuak erraztuz, langabezia areagotu egin du, eta, batez ere, emakume eta gazteentzat, lan prekarioa orokortu du, eskubiderik gabe eta soldata txikiakaz, kotizazio sozial baxuak sortzen dituztenak eta sistemaren iraunkortasuna arriskuan jartzen dutenak".
Bestalde, beraien irmotasunagatik zoriondu ziren manifestazio amaieran egindako irakurketan: "Gure betiko eskaerak nola lortzen, defendatzen edo berreskuratzen diren erakusten jarraitzeko ereduak izaten jarraituko dugu".
Beraien betiko eskaerak ere gogoratu zituzten, besteak beste, pentsio-sistema publiko duina, pentsioak KPIaren arabera handitzea, 2010 eta 2012ko lan-erreformak eta 2011 eta 2013ko pentsio-erreformak indargabetzea eta nahikotasuneko diru-sarrerak bermatzea: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata, hain zuzen ere.