Erandioko Udalak Josu Murueta plaza berrurbanizatu gura du, bere Legealdiko Planean agindutakoagaz jarraituz. Astrabuduko gune garrantzitsu honetan hainbat familia eta lagun elkartzen dira egunero, eta, besteak beste, bertan botatzen da San Lorenzo jaietako txupina, beraz, hori birmoldatzeko prozesua herritarren parte hartzeagaz egin gura du Udalak. Horretarako, ekainaren 26ra arte zabalik egongo den ideiak batzeko prozesu parte hartzailea abiatu du.
Erandioko Udalak sare sozialen bidez ahalbidetu duen lotura honen bitartez, herritarrek adierazi ahal izango dute zuhaitzak, iturriak, aterpeak edo argiztapena bezalako elementu gehiago behar diren. Jolas-guneak nolakoak izatea gura duten ere galdetuko diete; izan ere, prozesu honegaz, Udalak ume eta gazteen iritziak batu gura ditu, "beraiek baitira plaza gehien erabiltzen dutenak".
Bestalde, Udalak ezarri dituen helburuen artean daude plaza hain irristakorra ez izatea, hezetasunakaz amaitzea, eta estetika hobetzea. Hori guztia gauzatzeko, printzipioz, Udalak 500.000 euroko aurrekontua bideratu du.