Gestamp Try Out enpresako ABEEa baliogabetu eta bertan behera uztea eskatu du Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2021ko uzt. 26a, 16:54

© ELA

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Jaurlaritzaren txostenak dio prozedura irregularra dela, Ikuskaritzak ondorioztatutako langileen lagapena legez kanpokoa aintzat hartzen ez duelako. Enpresak Muskizen du egoitza, baina Erandion lantokia.

Gestamp Try Out –hemendik aurrera, GTO– enpresako langileen gehiengoa ekainaren 12tik aldi baterako enplegu erregulazioan (ABEE) dago, eta, enpresaren nahiari jarraituz, datorren martxora arte jarraitu beharko lukete horrela, ELA sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak prozedura baliogabetzea eta bertan behera uztea eskatu du, besteak beste, langileak "modu irregularrean" kontratatuta daudela argudiatuta.

ELAk azaldu duenez, joan den abenduan, Lan Ikuskaritzak txosten batean ebatzi zuen Gestamp taldeak lan-kostuak aurrezteko sortutako enpresa "faltsua" dela GTO, langileak lagapen irregularrean dituena eta egoera arautzeko GTOko langileak Gestamp Tolling Erandio-ko (GTE) langile izatera pasa beharko luketela. Enpresek, baina, Ikuskaritzak finkatutako isuna ordaindu zuten, "baina txostenaren muinari kasurik egin ez, eta ez zuten GTEko langileen egoera moldatu", zehaztu du sindikatuak.

Hilabete batzuk geroago, ekainean, GTOk ABEE bat aurkeztu zuen, "arrazoi produktiboak tarteko". "ELA hasiera-hasieratik agertu da prozeduraren kontra, besteak beste, lan-harremanen legediak kontratazioari buruz dioena betetzen ez duelako", dio sindikatuak.

Hala, negoziazio-prozedura adostasun barik amaitu ostean, "eta enpresak bere nahia egikarituta", ELAk ABEEaren kontrako salaketa aurkeztu zuen epaitegietan. "Bide horretan, Eusko Jaurlaritzaren txostena oso baliagarria izango da, jarrera eta ondorio argi eta sendoak jasotzen dituelako. Txostenaren argudio nagusia langileen lagapena legez kanpokoa bada ere, beste argudio batzuk ere jasotzen ditu: enpresak ustezko krisi egoera ez duela egiaztatu, aurkeztutako datu ekonomikoak ez direla sinesgarriak edota GTO enpresa soil bat izan beharrean, Gestamp taldearen baitan funtzionatzen duela", zerrendatu du ELAk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun